Elgoibarko San Roke auzoan, Karakateko magalean dute sagartokixa. Lizarraldek eta Muninek hiru hektarea pasatxoko sagastia dute. Hamabost sagarrondo barietate dituzte sartuta, guztiak ere bertakoak zein ingurukoak, baita Plazentziako sagarrak ere, Ilordo baserrikoak. Sagarrokin esperimentatuz lortu dituzten produktuak merkaturatzen dituzte. Horri buruz, Barren.eus agerkariak egindako elkarrizketa hemen klikatuta ikusgai.
Kontatu dutenez, Soraluzera etortzen hastea erabaki dute, interesgarria iruditzen zaielako bertako produktuak ondoko herrikoei eskaintzea.
Izan ere, badute esperientzia soraluzetarrekin. Uztaileko jaietako Gazta eta Sagardo dastatzen parte hartu zuten eta gustura egon ziren bertan: “Nagore Martinek aukera eman zigun Sagardo eta Gazta dastaketan parte hartzeko eta harrera ona izan genuen, ikusi genuen jendea gustura egon zela. Horregatik pentsatu dugu ondo egon daitekeela hilean behin gure produktuak eskaintzera joatea Plaentxiara”.
Sagardoa, sagar-ura, madalenak...
Elgoibartarrek esan dutenez, zapatuko azokara ekarriko dute sagardoa, noski, sagar-ura, sargar-purea, sagar-marmelada, sagar-dultzea, sagar-ozpina eta madalenak sagar-urarekin eginda. “Eta noizean behin produktu berriak sartuko ditugu ze esperimentatzen segitzen dugu. Guk egin nahi ditugun produktuak merkatuan badaude, baina nahi ditugu produktu horiek lortu gure produktuekin. Adibidez, berrikuntza moduan, madalenak gure zumoarekin egin dugu eta halakorik ez dago inguruan, eta, azkenean madalenari zaporea gure zumoak ematen dio”.
Aurrerantzean Soraluzera etortzeaz aparte, Mendaron, Elgoibarren, Eibarren eta Belaitzen ere saltzen dituzte euren produktuak eta herri horietan ere harrera ona izan dutela kontatu du elgoibartar gazteak.
Bertako produktuak erosi
Zapatuko Soraluzeko azokari begira, berriz, herritarrak animatu dituzte bertaratzera: “Animatu merkatura bertako produktuak erostera, gazte gutxi ikusten dira, gero eta gutxiago. Behintzat animatu daitezela produktu lokala erostera. Gainera, guri gustatzen zaigu datorren jendearekin berba egitea eta esplikatzea zer egiten dugun. Eta Sagartokixan bisita gidatuak ere egiten ditugu eta jendea etorri izan da Plazientziatik”.
Azken apuntetxo modura, Asier Lizarraldek kontatu du bere birramona plazentziatarra zela, Iturbe Zaharretik Agarrera ezkondu zen.