Biktima Elgoibarren ere bizi izan zen hainbat urtean. Hori dela-eta Soraluzeko eta Elgoibarko udalek erasoen kontrako protokoloa aktibatu dute, eta mugimendu feministak protestak deitu ditu: atzo Elgoibarren eta gaur Soraluzen, 19:00etan, Plaza Berrian.
Era berean, Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak deituta, elkarretaratzea egingo dute Mendaron ere, gaur, eguaztena 19:30ean, udaletxe aurrean.
Atzo, berriz, Elgoibarko Kalegoen plazan egin zuten Soraluzeko emakumearen hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea. Elgoibarko Udalak irmoki "kondenatu" du andrearen heriotza atzo zabaldu zuen adierazpenean. Gogoratu zuen emakumeen aurkako indarkeriaren "parte bat soilik" erakusten dutela hilketa matxistek. "Tragedia horrek euskal erakundeok eta gizarte osoak berdintasuna gauzatzeko dugun erantzukizunaren aurrez aurre jarri gaitu", erantsi zuen.
Hilketa matxista
Espainiako Poliziak domekan aurkitu zuen M.L.L., 68 urteko soraluzetarraren gorpua Benidormeko bere etxean. Emakumeak bi labankada eta indarkeria zantzuak zituen. Polizia hilketa matxistatzat ari da ikertzen gertaera, eta biktimaren senarra da susmagarri nagusia, 73 urteko gizonezkoa. Trafiko istripuan hil da hura. Poliziak jakinarazi duenez, bi hipotesi nagusi dituzte senarraren heriotza azaltzeko: emazteari eraso egin ostean ihesean joan eta auto istripua izan zuela, edo bere buruaz beste egin zuela, autoa bidetik aterata. Izan ere, gidatzen ari zen autoak hainbat metro egin zituen kontrako noranzkoan, garabi bat zeraman kamioi baten kontra jo aurretik.