Damaskinatuan landutako Soraluzeko armarri zaharra duen intsignia, herriko alde zaharraren brontzez egindako erreplika eta Dolmenen Ibilbidearen gaineko liburuaren ale bat eman zizkion Iker Aldazabal alkateak Pedro Larrañagari Udalak eskainitako aitortzaren oroigarri modura.
Larrañagak, berriz, herrikideei zein zinegotziei eskerrak emanez hasi zuen diskurtsoa. Herrikideen babesa eskertzeaz aparte, zientzialari soraluzetarrak balioan jarri zuen ordezkari politikoek bere kandidatura aho batez babestu izana, uste baitu horrek “babesa edo errekonozimendua” ematen diola egindako karrera zientifikoari eta uste du “zientzia edozein ideologia politiko edo koloreren gainetik” dagoela ikusteak “errespetu eta errekonozimendu handia” merezi duela. “Ohore handiz, hunkituta eta aldi berean oso harro jasotzen dut aitorpen hau”, esan zuen Larrañagak.
Familia gogoan
Bere familia aretoan zela jaso zuen aitorpena, Maria, Nagore, Ana eta Mikel (azken hori ezin izan zen bertan izan). Haiei ere eman zizkien eskerrak, “mugagabeko babesa erakustearren”.
Halaber, gogoan izan zituen, baita ere, dagoeneko aldamenean ez dituen Begoña eta Moises gurasoak eta amama Serafina, “eurek erakutsi zidaten gauzak ondo egiteko gogoa, gauzak kariñoz bukatzekoa”, esan zuen.
Eta gogoan izan zituen, baita ere, ibilbide zientifikoan lankide izan dituenak: “Lan zientifikoan inor ez da Leonardo da Vinci eta ezin ditu gauzak bakarka egin”. Ildo horretan, EHUn egindako 22 urteak eta Madrilgo Politeknikoan orain arte egindako 15 urteak izan zituen gogoan.
Arribas eta Banderatrapo
Herrira etorrita, berarendako herriko erreferente nagusi izan den Jesus Arribasen figura nabarmendu zuen. “Ezagutzaren eta jakin-minaren kultura irakatsi zizkidan eta horren ondorioz pasatu nituen udal liburutegian ordu mordoa”.
Amaierarako laga zuen, berriz, gaur gaurkoz “Plazentziarekin duen loturarik handienaren” aipamena, Banderatrapo kuadrilla, “umetan zein gaztetan elkarrekin izandako esperientzia paregabeengatik”.
Azkenik, Larrañagak aitortu zuen atzoko eguna “oso garrantzitsua” izango dela berarentzat. “Ekitaldi hau nire buruan geratuko da betiko”.