HILKETA MATXISTA

Hilketa gaitzetsi eta elkarretaratzea deitu dute

Ubane Madera Zangitu 2022ko ira. 27a, 08:20

Soraluzeko Udalak “gaitzespenik gogorrena” erakutsi du Maria Luisa Larrañaga soraluzetarraren hilketa matxistaren aurrean. Elkartasuna adierazi die biktimaren senideei eta lagunei eta protesta elkarretaratzea deitu du biharko, eguaztena, 19:00etan, Plaza Berrian.

Benidormen gertatutako hilketa matxista gogor salatzeaz bat, Soraluzeko Udalak gogora ekarri du emakumeen hilketek "emakumeen kontrako indarkeriaren arazoaren zati bat" besterik ez dutela erakusten, eta, arazoaren muina "gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna" dela.

Halaber, gaineratu du desberdintasun horretatik eta botere harremanetatik eratortzen direla emakumeen kontrako indarkeriak, psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa eta sexuala, horiek guztia emakumeen "duintasunaren eta integritate fisikoaren kontrako atentatu" direla eta beraz, "giza eskubideen urraketa larria".

Erantzukizun politiko eta soziala

Soraluzeko Udalak gogora ekarri du azken tragedia honen aurrean "erakundeek, eta oro har, euskal gizarteak erantzukizuna dutela norbere herrian berdintasuna" lantzen segitzeko eta ildo horretan, "sentsibilizazioa eta prebentzioa" bultzatzeko ekimenak egiten segitu beharra azpimarratu du, batik bat, gazteei begira. Indarkeria matxista gizarte osoaren arazoa dela ekarri du gogora.

Elkarretaratzeak

Salaketak egiteaz batera, Udalak elkartasuna adierazi die biktimaren senideei eta lagunei eta protesta elkarretaratzea deitu du biharko, eguaztena, 19:00etan, Plaza Berrian. Soraluzetar guztiei dei egin die bertara joan eta salaketarik gogorrena adieraz dezaten. Elgoibarko Udalak, berriz, gaur, martitzena deitu du elkarretaratzea, urte luzez bertan bizi izan baitzen hil duten soraluzetarra.