Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da Euskaraldia eta aurreko edizioan bezala, norbanakoez gain, entitateek (elkarteek, tabernek, dendek, enpresek...) ere parte hartu ahal izango dute. Hain zuzen, entitateek izena emateko epea zabalik dago urriaren 31ra arte eta hori dela eta, Soraluzeko Euskaraldiaren Batzordeak ordubeteko bi saio antolatu ditu entitateei azaltzeko zela parte hartu dezaketen ariketan eta horrekin batera bizipenak, iritziak eta zalantzak elkarbanatzeko. Lehen saioa irailaren 28an egingo dute, eguaztenean, 18:30etik 19:30etara eta bigarrena, irailaren 29an, eguenean, 15:30etatik 16:30etara. Bi saioak kiroldegiko erakusketa gelan egingo dituzte.
Soraluzeko Euskaraldia Batzordeak herriko elkarte, merkatari, ostalari, hezkuntza zentru, industria eta zerbitzu-enpresak gonbidatu ditu prestaketa saioetara eta jakinarazi du saioetara agertu ezina adierazi dutenekin bakarkako hitzorduak egingo dituela, azalpenak aurrez aurre emateko.
2020an, 48 entitate
Ordubeteko saioan zehar Ahobizi eta Belarriprest rolen dinamikaren berri emango da eta azalduko dute ariguneak zela osatu daitezkeen; horrekin batera, agertuko dute zein prozesu jarraitu behar den izena eman edo berresteko, aurreko edizioan parte hartu zutenen kasuan. Azkenik, aurreko edizioan entitate moduan izandako bizipenak, lorpenak eta ezinak partekatuko dituzte, euskararen erabilera entitateetan zela handitu daitekeen hausnartzearekin batera.
2020ko edizioan, pandemiak eragindako murrizketak bete-betean zirela, herriko 48 entitatek parte hartu zuten hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketan. Orain, murrizketarik barik, entitateek ariketa “normaltasunez eta errazago” egiteko aukera izango dutela iritzi diote Euskaraldiaren antolatzaileek.
Izen-ematea zabalik
Entitate moduan izena emateko aukera zabalik dago Euskaraldiaren webgunean eta parte hartzeko jarraibideak ere kontsulta daitezke bertan. Informazio gehiago Soraluzeko Euskaraldia Batzordean: soraluze@euskaraldia.eus eta 601602347.