Aurtengoa, amagandiko edoskitzea gaitzat duen VII. argazki lehiaketa izango da. Interesa duen edozeinek parte har dezake. Hori bai, asko jota hiru argazki bidali ahal izango ditu, koloretan zein zuri-beltzean, honako helbide honetara: BPSO.OSIDEBABARRENA@osakidetza.eus. Azaroaren 13a da argazkiak aurkezteko azkeneko eguna.
Aurkeztutako argazkiak Mendaroko ospitalean eta Debabarreneko ESIko osasun-zentroetan egongo dira ikusgai, baita kultur etxeetan, haurtzaindegietan eta horretarako prestatutako bestelako guneetan ere, eta horietan sartzea librea izango da.
Abenduan jakinaraziko dute zein den sariduna, Mendaroko Ospitalean egingo den Errekonozimendu Ekitaldian. Epaimahaiari dagokionez, lehiaketatik kanpoko ESIko langileek osatuko dute berau.
Debabarreneko ESItik azpimarratu dutenez, “amagandiko edoskitzea bultzatzen dugu, amak ahaldunduz amagandiko edoskitze eraginkorra, zoriontsua eta iraunkorra lor dadin”.