“Isunen eta zigorren gainetik jendea laguntzeko gaude”

Ubane Madera Zangitu 2022ko ira. 22a, 15:23

Atzo ezkero, Udaltzainburu berria du herriak: 33 urtez udaltzain izan den Eulogio Mancebo (Elgoibar, 1963). Orain arteko Udaltzainburu Gotzon Odriozolak erretiroa hartzeko borondatea azaldu duela-eta izendatu dute buru berria. Atzo, eguaztena, sinatu zuen kargu-hartzea.

Zergatik zu Udaltzainburu?
Baldintzak betetzen dituen bakarra naizelako. Adibidez, lantaldetik neu naiz funtzionario bakarra, beste lankideak bitartekoak dira.

Pozik kargu berriarekin?
Oraindik ez dakit. Lana zeharo desberdina da, kalekoa egin edo bulegokoa egin. Ni, oraingoz, biak uztartzen nabil.

Zein da lantaldearen oraingo egoera?
Bat gutxiago gaude. Berez, Udaltzainburua eta lau udaltzain izan beharko ginateke, baina bat gutxiago gara, Ander Hormaetxea joan zenetik. Izan ere, hemen arrisku hori dago: urrunetik datozenek etxetik gertuago zerbait aurkitzen badute, hau lagatzea. Horrela daude, adibidez, Errasti eta Oihane. Egunero ia bi ordu ematen dituzte errepidean.

Bat gutxiago izatea asko igartzen da lantaldean?
Bai. Bakarrik jendeari arreta ematen, aurten, adibidez, 300 aktuazio pasa egin ditugu. Horri gehitu behar zaizkio gure eguneroko bestelako lanak. Bestalde, larrialdi egoeretan larrialdi zerbitzuei deitzen diegu (Ertzaintza, suhiltzaileak…) baina gu dezente lehenago ailegatzen garenez, ba halakoetara ere joaten gara, beraz…

Aldaketaren bat ezarriko duzu Udaltzaingoan?
Aldaketa txikiak bai, baina aldaketa sakonik ez. Azken batean, datorren urtean nik ere 60 urte beteko ditut eta seguru aski, neuk ere hartuko dut erretiroa.

Eta orduan, zer gertatuko da Soraluzeko Udaltzaingoarekin?
Hori guk ez dakigu.

Besterik nahi baduzu gaineratu…
Nire irizpideak bi dira:

- Ez sortu arazorik arazorik ez dagoen lekuan.
- Isunen eta zigorren gainetik jendea laguntzeko gaude.
Horren arabera egiten dut lan eta horrela lasai joaten naiz etxera.