"Herri bizia dirudi, jendeak kalean bizitza egiten du eta jendeak kaletik kasu egiten du, jende atsegina dirudi"

Ubane Madera Zangitu 2022ko ira. 20a, 09:31

Lur Etxeberria Gurrutxaga udaletxeko bere bulegoan, barikuan.

Lur Etxeberria Gurrutxaga (Usurbil, 1982) Soraluzeko aparejadorea da uztailaren 18tik; oposizio bidez eskuratu du Soraluzeko aparejadore plaza. Ikasketez ere aparejadore da. Dio, hasiera baten, herriak eta batik bat, bertako jendeak, “inpresio ona” eragin diola.

Plaza ateratzea ez da gutxi. Pozik?
Ez da gutxi, ez. Eta bai, pozik. Ez nuen espero.

Geratzeko asmoarekin zatoz? Ze azkenaldian joan-etorri handia dago aparejadore lanpostuan. 

Bai, noski. Joan-etorriari dagokionez, berriz, normala izaten da interinoen artean. 

Zergatik aurkeztu zinen Soraluzera? Etxetik urrun daukazu…

Ama izan nintzen 2013an, gero berriro 2016an. Ordura arte oposizio batzuk lantzen ibili nintzen, baina bolada batez, lanarekin eta umeekin ez neukan denborarik inora aurkezteko. Geroago Gipuzkoako Aldundiak plaza dezente atera behar zituen eta harako izena eman nuen, ikasteko denbora gehixeago nuen, umeak handitzen zihoazen-eta. Bolada hartan atera ziren Gipuzkoako aldundiko plazak, Soraluzeko Udalekoa eta Azpeitikoa eta baterako ikasten hasita nengoenez, prozesuan bitan ibili nintzen, Aldundikoan eta hemengoan. Baina ni gehiago motibatzen nau herri bateko lanak.

Zergatik?

Egunerokoan herritarrekin zabiltzalako eta zure lana egunerokoan ikusten delako. Aldundian zara 1.800 langileen artean bat gehiago eta oso gauza konkretuak egiten zabiltza. Adibidez, katastroan bazaude, horretan ariko zara eta ez duzu beste ezer ikusten. Niretzat, hemengo lana aberasgarriagoa da ikuspuntu pertsonaletik; gogorragoa ere bai, baina gehiago betetzen nau, herritarrekiko gertu sentitzen zara. Hemen hiru egunez falta bazara… Aldundian, berriz, hiru egunez falta bazara inork ez zaitu faltan igartzen. Aldundikoa lan lasaiagoa da, baina monotonoagoa. Ni, 40 urterekin, behintzat, gehiago motibatzen nau herri bateko lanak.

Ezagutzen zenuen Soraluze?

Egia esan, ez. Lehen azterketa egitera etorri nintzenean ezagutu nuen. Baina Arrasate ere ez, eh? Hura ere aurrenengo azterketa egitera joan nintzenean ezagutu nuen.

Arrasaten ere ibili izan zara lanean aparejadore moduan?
Bai, hango udalean eta lehenago Hernanikoan, Zarauzkoan, Arrasatekoan, Bilbokoan eta gero Gipuzkoako Foru Aldundian.

Zelako inpresioa eragin dizu Soraluzek? Ilun fama du…

Inpresio ona. Herri bizia dela dirudi, jendeak kalean bizitza egiten du eta jendeak kaletik kasu egiten du, jende atsegina dirudi. Herriak ilun fama du, baina nik entzun dut jendea gauza onak esaten elkarri, elkarri entzuten. Eskerroneko jendea dirudi. Eta lankideek ere oso-oso harrera ona egin didate.

Eta lanak, zelako inpresioa sortu dizu?

Lana badago, nahi adina. Gainera, hau udal txikia da, sail gutxi daude… Uste dut antzera dela udaletxe txiki guztietan.

Zerbaitek eman dizu arreta?

Ba zenbat eraikin dauden nahiko zaharkituta. EIT (Etxebizitzen Inspekzio Tekniko) asko daude pasatuta, baina dezente daude zaharberritzeko. Eta inpresioa egin dit ere alde zaharreko hainbat etxe botata edo botatzen daudela ikusteak. 

Herritarrei zer esango zenieke?

Ezagutzen joango garela eta ahal dugunean laguntzeko gaudela.