Gaurko elkarretaratzea baliatuta, salatu dute “prezioak esponentzialki igotzen diren bitartean, energiaren eta finantzarioen oligopolioak eta IBEX35eko enpresek irabazien errekorrak hautsi” egin dituztela.
Benetako KPIaren araberako igoera
Egoera horren aurrean, eskaera zehatza egin dute: “Aurtengo abendurako, 2022an galdutako erosteko ahalmena konpentsatzea urte amaierako KPIaren arteko aldearen arabera eta 2011ko erreformarekin ezabatutako konpentsatzio-ordainsaria berreskuratzea”. Horrekin batera, jarraitzen dute 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen eta hori lortzeko, EAEn eta Nafarroan, tokiko gobernuek kopuru hori errealitate izan dadin, pentsioak osatzea eskatzen dute.
Halaber, salatu dute emakumeek, batez beste, gizonenak baino pentsio %30 baxuagoak kobratzen” dituztela. Hori dela-eta, “emakumeek pentsio duina jasotzeko duten eskubide subjektiboa bermatzen ez den bitartean, alarguntasun-pentsiorako ezkontidearen oinarri arautzailearen %100a” eskatzen dute.
Mobilizazio gehiago
Bestalde, jakinarazi dute datorren asteleheneko elkarretaratzea banketxeen aurrean egingo dutela, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak horrela deituta. Soraluzeren kasuan, Plaza Zaharrean egin dute hitzordua, Kutxabanken aurreran protestatzeko.
Horrez aparte, iragarri dute datorren urriaren 1ean, pertsona nagusien nazioarteko egunean, mobilizazioak egingo dituztela hiriburuetan eta Eibarren. Donostian, adibidez, 12:00etan abiatuko da manifestazioa Alderdi Ederretik. Debabarrenari dagokionez, Eibarren egin dute manifestaziorako hitzordua.