Bigarren egunean, Errekaldeko zein Gipuzkoa Etorbideko bizilagunek Mesedeetako jaien bultzatzaile nagusiak omendu zituzten; bereziki gogoratu zuten duela bi urte zendu zen Satur Gil eta haren auzolanerako jarrera. Familia osoa gonbidatu zuten ekitaldira, eta han auzotarrek esandakoek, aurreskuak eta plazan bertan zuhaitza landatzeak, malko jario eta txaloka jarri zituzten bertaratu ziren herritarrak.
Egun osoan zehar, jolasak izan ziren nagusi: alde batetik, umeentzako buruhandiak, zapia eta zezentxoak; eta, bestetik, helduendako toka eta karta-jokuak. Nola ez, bazkari herrikoiak batu ziren denak, gazteak zein helduak, entsalada eta paella ederra mahaian zutela.
Arratsaldean, Lopene eta bere animaliak atera ziren plazara eta gaztetxoenek, ponien gainean paseatzeaz gain, zezentxoen aurrean errekorteak egin eta gainetik salto egiteko aukera ere izan zuten, batzuek besteek baino azertu handiagoz (ikus bideo-kronika eta argazki-sorta).
Amaitzeko, Dj Kool-ek girotu zuen iluntzea denetariko kantak ipinita. Gauerdian, etenaldia egin zuen eta orduantxe, argiztatu zuten su artifizialek zerua kolore eta forma anitzez. Azken traka zaratatsua lehertu zen eta ostean, txalo-zaparrada itzela entzun. Handik aurrera, musikaz eta dantzaz berrekin zioten jaiari, goiz aldera arte.
Txapelketen emaitzak
Tute txapelketako finalean, Edu Alvarez eta David Borinaga gailendu ziren Amparo Bastida eta Goizane Lizarralderen aurka. Hala ere, irabazleek aitortu zuten ez zutela izan meritu handirik: “Txapelketa osoan zehar tokatu zaizkigun kartekin… ez zegoen ezta jokatu beharrik ere!” komentatu zuten barrez.