Zerua zalantzati egon bazen ere, ostarteak eta hodei beltzak tartekatuz, azkenean ateri eutsi zion Mesedeetako jaien lehen egunean.
Hala, gaztetxoenek txokolatadaz eta haientzako prestatutako jolasez gozatu ahal izan zuten. Iluntzean ere, erritmoa indartuta, Dj Arnoren musikaz lagunduta dantzan eta kantari jardun zuten berandura arte.
Helduek, ostera, lasaixeago igaro zuten eguna: auzotarrek prestatutako txorizoa dastatuz, txosnako ardo/sagardo/garagardo tragotxoak edanez berriketan eta eguneko egitaraua itxi zuen mus txapelketan engainurako trebeziak neurtuz. Azkenean, Raul Esteban eta Francisco Hernandez nagusitu ziren, eta Ibai Rascon eta Jokin Martinez gelditu ziren bigarren.