Zelakoa izan zen lehen eguna?
Orduantxe jaso genuen lehen txahala, Iñakiren laguntzarekin hura elaboratzen hasi ginen eta saltxitxak, hanburgesak, txorizoak eta txistorrak prestatu genituen. Gero, abuztuaren 31n inaugurazioa egin genuen. Kalea jendez bete zen, familia etorri zen, lagunak… Luntxa eman genuen eta 50 bat pertsona elkartu ziren. Ni kalera irten eta horrenbeste jende ikustean, negarrez hasi nintzen! Oso hunkigarria izan zen. Eta halaxe hasi genuen ibilbide berria.
Zela doa ibilbidea?
Oso nekatuta. Lan handia egiten. Baina jendea ari da etortzen. Irailean, bakarrik goizez zabaltzen dugu, baina whatsapp zerbitzua bultzatzen ari gara (641 21 54 70). Eta jendea hasi da whatsappez eskatzen. Gainera, arratsaldeetan, harategia itxita izan arren, bertan lanean nagoenez, orduan ere etor daiteke enkarguen bila. Uste dut whatsapp zerbitzuak erraztasunak ematen dizkigula bai bezeroari eta baita niri ere. Bezeroak egin dezake eskaria nahi duenean eta gero, ondo datorkionean hartzera etorri, harategian itxaroten egon barik. Eta nik prestatu ahal dut eskaria ondoen datorkidanean eta aurreikuspen handiagoarekin lan egin. Dena den, urrian, goizez eta arratsaldez zabalduko dugu. Oraingoz, Iñakik zuen ordutegiari eutsiko diogu eta ikusiko dugu arratsaldeetan zer dagoen, ze guk arratsaldeetan asko elaboratzen dugu.
Zer elaboratzen duzue?
Iñakik zeukanarekin segitzen dugu: txitxi-burruntziak, saltxitxak, hanburgesak, txorizoak eta txistorrak. Jendeak oso gustuko ditu, adibidez, gure txorizoak, herrikoek eta baita kanpokoek ere. Iñaki oraindik laguntzen ari zait eta Gabonetan ere lagunduko dit. Asko dago ikasteko. Lan gogorra da, baina jendea erantzuten ari da eta hori da garrantzitsua: jendea etortzea eta eurendako arreta ahalik eta onena izatea. Gainera badut eskarmentua aurrez aurreko arretan.
Hainbat lekutan lan egindakoa zara, ezta?
Bai. Montse eta Venanen fruitu-dendan, kiroldegian taberna izan nuen eta gero hango bulegoan ere bai, Mendaron lore-dendan…Hona pozik nator, ilusioarekin, nahiz eta sakrifizio handia izan.
Ixteko ziren bi harategietatik, biak zabaldu dira; Soraluzen dauden hirurak behar dira?
Bai, bai. Niretzat poztasun handia izan zen bi gazteek goiko harategia hartuko zutela jakitea. Nire ustez, Marimar eta biok bakarrik geratu izan bagina, zoramena izango litzateke. Gure instalazioak txikiak dira, ez dira langile gehiago kabitzen eta ezingo genioke jende guztiari arreta eman, beraz, poz handia izan da haiek goiko harategia zabaltzea. Eta jende gazte gehiago ere animatuko nuke herrian lan egitera, denondako lana dago hemen.
Besterik nahi duzu esan?
Etor dadila jendea, zain gaude, ateak zabalik ditugu, espero dut denei arreta egokia ematea eta nahiko nuke bezeroek esan dezatela zeintzuk diren euren gustuak eta beharrak, ahalik eta arretarik onena emateko.