Kejak eta eskarixak

Kexa: Lurraldebusek geltokian autobusik gabe laga zituela salatu dute bi herritarrek

Egoitz Unamuno 2022ko ira. 19a, 09:48

A.L. eta A.U. herritarrek salatu dutenez, abuztuan eta irailean Lurraldebusek autobusik gabe laga zituen, bata Zarautzen eta bestea Soraluzen, momentuan inongo irtenbiderik eskaini gabe. Gainera, Zarauzko kasuan herritarrak txartela erosia zuen aurretik.  

A.L. soraluzetarrak Plaentxia.eus-i kontatu dionez, abuztuaren 6an, eguerdiko 12:15ean Soraluzera etortzeko autobusaren zain zegoen Zarautzen, aurrez erositako txartela eskutan zuela, baina autobusik ez zen azaldu: “Zarauzko geltokiko pantailan agertzen zen zenbat minutu falta ziren eta bat batean desagertu egin zen. Ni 12:45era arte egon nintzen bertan eta autopistaz Bergarara zioan autobusa agertu zen. Galdetu nion ea Soraluzen geldituko zen eta ezetz”. Orduan Lurraldebuseko Arreta Zerbitzura deitu zuen baina kexa jaso besterik ez zioten egin. Azkenean, trenean joan zen Eibarrera eta ondoren autobusa hartu zuen Soraluzera heltzeko. Handik hamar egunera jaso zuen Lurraldebusen erantzuna email bidez, esanez egun hartan autobusa atzerapenez iritsi zela Donostiara “matxura baten ondorioz” eta “gorabehera horren berri izan bezain laister, ordezko autobus bat” bidali zutela baina “tamalez”, azkenean zerbitzua “atzerapenarekin” eskeini zutela. Horrekin batera, txartelaren dirua itzultzeko aukera eskaini diote baina A.L. herritarraren iritziz, Lurraldebusen erantzuna “ez da nahikoa”: “Zergatik ez zuten pantailan jakinarazi beste autobus bat etorriko zela? Zergatik ez zuten egoikitu Bergarara zioana? Nik txartela erosita neukan, Lurraldebusek bazekien baina hala ere inork ez zidan ezer jakinarazi. Nire ustez hori ez da behar bezalako zerbitzua". 

Donostiarako autobusak aurrera, gelditu barik 

A.U. herritarrak salatu duen gertaera, berriz, irailaren 6koa da: “Elkano eguna zen eta arratsaldean Donostiarako autobusaren zain geunden Gilako geltokian. Iritsi zen ordua eta bere orduan bi autobus pasatu ziren gure muturren aurrean, gelditu barik; beteta joango ziren. Ni eta beste jende mordoxka bat gelditu han ginen geltokian, autobusik barik. Gehienok Eibarrera joan ginen, gero han Donostiarako beste autobus bat hartzeko. Sekulako amorrua ematen du. Zergatik ez zuen Lurraldebusek beste autobus bat jarri edo irtenbideren bat eskaini? Nik ez dakit hau beste herrietan ere gertatzen den ala Soraluzen bakarrik baina ez dago eskubiderik”. A.U. herritarrak ez du gertaera Lurraldebusen salatu baina garrantzitsua iruditzen zaio medioetan gertatutakoaren berri ematea: “Zoritxarrez gertaerak publiko egiten direnean bakarrik mugitzen dira”.