Dozenaka herritar batu ziren atzo Karakaten 2001ean Avilako espetxera bidean zijoazela auto istripuz hil ziren bi herritarrak oroitzeko ekitaldian. Agur dantza, bertsoak, kantua eta krabelin eskaintza izan zituen osagai nagusi mendigaineko ekitaldi hunkigarriak, beste behin, gertakariaren izaera politikoa azpimarratu zuen mezuarekin batera.
"Fenomeno meterologiko bat bailitzan"
Mezuan nabarmendu zuten istripua Estatuak ezarritako dispertsio politikaren ondorio izan zela: “herrikidea bisitatzeko Avilaraino joatera behartu zituelako estatu anker batek etxetik laurehun kilometrora. Argi esan beharra dago: ez zuen gertatu behar. Ez zuen inoiz gertatu behar. Lurdesek zein beste edozein preso politikok Euskal Herrian behar zuten”. Horrekin batera gaitzetsi zuten Espainiako Estatuak gertakariaren izaera izaera politikoa gabe jarraitzea: “21 urte pasata, Asier eta Iñakiri euren biktima izaera aitortu gabe jarraitzen du estatu espainolak. Ez hurbilpen keinu txikirik, ezta adierazpenik ere. Ukazioa baino ez. Euren ustez ez dira Euskal Herrian bizi izan dugun gatazka latzaren biktima. Auto istripua laurehun kilometrora behartutako bisitara bidean, fenomeno meterologiko bat bailitzan”.
"Dagozkien eskubideak dira"
Presoen hurreratzea dela eta, presoei "dagozkien eskubideak" aplikatzen ari zaizkiela adierazi zuten "ez pribilegioak, zenbait elkarte ultrak eta alderdi politikok dioten bezela”. Dispertsio politika "amaitzear" dela eta, aipatu zuten "orain presoak kaleratzeko bidea zabaldu” behar dela azpimarratuz "elkarbizitza eraikitzeko ezinbesteko baldintza" dela “biktima guztien aitortza eta preso, iheslari eta deportatuak behingoz etxeratzea".
Amaitzeko, dei egin zieten herritarrei urriaren 8an Sarek antolatuta Donostian egingo den Etxera bidean jaialdian parte har dezaten, iragarriz egun horretan herritik autobusak antolatuko direla jaialdirako joan etorriak egiteko.