Bihar, ikasturteko lehen egunean, ezohiko ordutegiarekin eta jardunarekin joango dira ikasleak eskolara. Plaentxi Eskolan 10:00etatik 12.30ak arteko jarduna izango dute eta Soraluze BHI Institutuan, berriz, 10:00etan sartuko dira DBHko 1. eta 2. mailakoak eta 11.00etan, berriz, DBHko 3. eta 4. mailakoak.
Iaz baino ikasle gutxiago
Plaentxi Eskolari dagokionez, 312 bat ikasle izango dituzte, iaz baino 30 inguru gutxiago. Izan ere, iaz, 6. mailan zeuden 44 ikasleak joan egin dira eta aldiz, bi urtekoen gelan 16 ume besterik ez dira matrikulatu, batik bat, herriko jaiotze-tasa txikiak eraginda.
Langileei dagokionez, berriz, 50 inguru izango dira, irakasleak, jantokiko langileak, garbitzaileak eta mantenukoa kontuan hartuta.
Soraluze BHI Institutuari dagokionez, berriz, 154 ikasle izango ditu aurten, iazko moduan, gutxi-gorabehera; eta, iaz moduan, goizeko ordutegi jarraituarekin segituko dute.
Bekak eskatzeko epea zabalik
Bestalde, gogora ekarri dute zabalik dagoela bekak eskatzeko epea. Hain justu, eskaerak online egiteko aukera irailaren 30era arte dago zabalik. Ikasleek jasoko duten kode baten bitartez eskatu behar dira, Hezkuntzaren webgunean sartu eta bertako jarraibideak baliatuta. Edozein modutan, arazoren bat edo zailtasunen bat duenak aurrez aurre ere tramita dezake beka eskaera Institutuko idazkaritzan. Baina hori irailaren 19tik 30era bitartean egin ahalko da, 09:00etatik 13:30ak bitartean.