Gaur, martitzena, sukaldariak buru-belarri ibili dira nork baino nork tortilla samurragoa eta goxoagoa eginez. Urtero aurkezten diren bikoteen artean, berriak ere izan dira aurtengoan. Bestalde, tortilla berezien artean, denetik egin dute: txipiroiduna, piperduna, okela egosiduna…
Baina, azkenean, patata tortillen artean hiru bakarrik aukeratu zitzakeen epaimahaiak eta bakarra, berriz, berezien artean. Azken horretan, zaila egin arren, txipiroiz egindakoari eman diote 50 euroz eta ardo botila kaxaz osatutako saria; “Donostian ere ez dago halako tortillarik!”, esan du, besteak beste, Zabala epaimahaikideak.
Patata tortillen artean, berriz, honako hiru bikoteek eskuratu dute saria:
- 1- Piedad Gallastegik eta Ander Epeldek.
- 2- Iraultza Diezek eta Enaitz Diazek.
- 3- Arrate Gisasolak eta Unai Larreategik.
Sari banaketa hasi aurretik, Santiago Gonzalez zena izan dute gogoan, urtero parte hartu izaten zuelako Andramaixetako tortilla lehiaketan. Urte luzez haren bikote izandako Piedad Gallastegik aitortu du aurten “gogorra” egin zaiola lehiaketan parte hartzea baina gaineratu du argi duela parte hartzen segituko duela. “Parte hartu behar da, bestela… aurtengoa, gainera, Santiren omenez”, esan du.
Hain justu, Piedad Gallastegik eta Ander Epeldek irabazi dute lehen saria eta azken horrek bertsoa eta guzti eskaini dio Gonzalezi.