Tajadia, Okelia, Kiru eta Txanbu, Txanbu eta Kiru… Etxabe harategia kudeatu behar duten Zubizarretak eta Elizburuk hainbat izen-aukera zituzten harategiarendako eta azkenean, Okelia aukeratu dute.
“Aukeretako bat zen Tajadia, baina inguruan komentatu genuenean ez zen gustatu, beste askori barregura ematen zien eta zurrutarekin ere lotu zuten hainbatek; orduan esan genuen Tajadia ezetz. Gure ezizenekin ere ibili ginen bueltaka, baina bata edo bestea aurretik ipiniz gero, ba bakarra geldituko zela pentsatuz, azkenean erabaki dugu Okelia ipintzea”.
Izen berriaren erabilera zuzena ere esplikatu du Ainhoa Zubizarreta Txanbuak: Okelianera joango gara erostera. Izen berriarekin batera, logotipoa ere landu dute eta laster erakutsiko dute hori ere.
Bestalde, ibilbide berriari dagokionez, Zubizarretak kontatu duenez, “kriston ilusioarekin eta kriston gogoarekin gaude eta buru-belarri gaude honetara. Baina gaur, adibidez, super urduri jaiki naiz, estresa, urduritasuna… baina aldi berean, tximeletekin tripetan”.