Gaikako bilketako azken datuekin kezkatuta

Ubane Madera Zangitu 2022ko uzt. 19a, 08:45

Debabarreneko Mankomunitateak kezka adierazi du gaikako bilketako azken datuen aurrean. 2020an %55,26 izan zen eskualdeko gaikako bilketaren tasa, inoizko daturik hoberena. 2022an, aldiz, %0,17ko jaitsiera eman da. Egoeraren aurrean, gaikako bilketarekin “arduratsuak izateko” deia egin dute.

 

Mankomunitatetik esandakoaren arabera, 2020an %55,26 izan zen eskualdeko gaikako bilketaren tasa; 2021ean, jaitsiera leun bati jarraiki, urteko bataz besteko datua %55,05ekoa izan zen. 2022ko lehen hilabeteetan aldiz, maiatzera bitarteko datuen arabera, %55,09an da gaikako bilketaren tasa.

Iosu Arraiz Mankomunitateko presidenteak esan duenez, “kezkatuta” daude azken datuokin, ”izan ere, legeak eskatzen duena betetzen dugun arren (2025erako %55eko gaikako bilketa egitea), herritarren, enpresen eta eragileen inplikazio irmoarekin, eskualdeko gaikako bilketa tasa hobea izan daitekeela sinisten baitugu”.

Datuen xehetasunei erreparatuta, Mankomunitatetik berretsi dute “erronka nagusiak” lehengo berberak izaten segitzen dutela: “errefus kopurua murriztea eta ontzi arinak eta hondakin organikoak behar bezala sailkatzea”.

Inpropioak ugaritu

Ildo beretik, organikoaren bilketari dagokionez, Arraizek esan du edukiontzi marroian agertzen diren inpropioen kopurua handitzen ari dela eta gogorarazten du janari hondakinak, inausketa-hondakin txikiak, saltsekin zikindutako paperak e.a. soilik jaso daitezkeela edukiontzi marroian. Horrez gain, azpimarratu du hondakin organikoak poltsa konpostagarrietan bakarrik bota behar direla.

%60a baino gehiago birziklagarria

Horrekin batera, jakinarazi du errefusaren edukiontzi grisean uzten diren hondakinen %60a baino gehiago material birziklagarriak direla eta beraz, birziklatzeko “ohiturak berreskuratzeko” eskatu die herritarrei; are gehiago orain, udan, izan ere, Arraizek gogora ekarri du udako hilabeteetan birziklapen datuek okerrera egiten dutela eta egoeraren aurrean “arduratsuak izateko” deia egin du.

Erakundeari berari dagokionez, berriz, azpimarratu dute Mankomunitateak lanean jarraituko duela gaikako bilketa bultzatzen, sistema bera hobetuz zein sentsibilizazio kanpainak eginez.