Linazibar aisialdi gunea erabiltzeko gertu

Ubane Madera Zangitu 2022ko uzt. 18a, 08:41

Linazibar aisialdi gune berria joan den astean.

Joan den astetik erabilgarri da bidegorri ondoko Linazibar aisialdi gune berria. Tirolina, ume txikiendako exetxodun txirrista eta bertan egoteko mahaiak eta jarlekuak ditu, baita bizikletak aparkatzeko gailua ere. Bestalde, aisialdi gunera jaisteko arrapala egokitu dute. Guztira, 2.500 metro koadroko espazioa egokitu dute Deba ibaiaren ur bazterrean. 

Linazibarko izar nagusia den tirolinari dagokionez, 6 eta 14 urte bitartekoei dago zuzenduta.  Industrias Agapito enpresak jarri du, 8.871 euroko aurrekontuarekin.

Osterantzean, aisialdi gune berrian egurrezko bost banku, sei piknik mahai eta ume txikiendako txirrista bat jarri ditu Udalak, eta, bertako 12 zuhaitz landatu ditu, haritzak, lizarrak eta urkiak.

Ia beste 9.000 euro

Lan horiek Makai Lorazaintza enpresak egin ditu, 8.943,59 eurotan. Inbertsioa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Departamentuak emandako dirulaguntzari esker finantziatu du Soraluzeko Udalak.

Iker Aldazabal alkateak Soraluze 2030 egitasmoaren baitan kokatu du aisialdi gune berria. “Udalak urteetan degradatuta egon den lur saila erosi ondoren, txukundu, garbitu eta atondu egin du, Deba ibaiaren alboan aurkitzen den eremua herritar guztientzako aisialdi eta atseden gune bihurtzeko”, adierazi du Aldazabalek.