Kontua da, orain, uda sasoian, bete egiten dela Donostiarako autobus zerbitzu hori, batik bat, jende askok aprobetxatzen duelako hondartzara joateko. Baina Lurraldebus-Pesak ez du zerbitzua indartzen eta aldiz, egiten duena da, autobusa beteta dagoen lekuetan, bidaiariak autobus geralekuan utzi.
Eguazteneko kasuan, egoera horren jakitun, soraluzetar bat Bergarara joan zen, pentsatuz han segurua izango zela Donostiarako autobusa hartzea, baina han ere igo barik laga zuten, bera eta beste 20 bat lagun, kontatu duenez.
Horren aurrean, azkenean erabaki zuen Eibarrera joatea autobusa hartzera eta 11:00ak pasatxokoa hartzea lortu zuen. 09:00etan hasi zuen “bidaia” eta 12:00ak aldera ailegatu zen Donostiara.
800 sinadura
Arazo horiek urtetan ari dira errepikatzen eta iaz, garraio publikoa hobetzeko eskatuz, 800 sinadura inguru batu ziren Soraluzen hainbat herritarren ekimenez. Sinadurak udaletxera aurkeztu ziren. Udala ipini zen Diputazioarekin harremanetan eta autobus zerbitzu bat gehitu zuten, goizean, 11:00etan. Baina bistakoa denez, ez dute arazoa konpondu.