Uda sasoia heltzeaz bat, bistakoa da iaz Donostiarako autobusekin lotuta salatu ziren arazoek bere horretan segitzen dutela.
Hainbat erabiltzailek salatu dutenez, gaur bertan, astelehena, 14:15eko Donostiarako autobusak bidaiari bat baino gehiago geralekuan laga ditu; gainera, diotenez, asteburuan 10 lagun baino gehiago geratu ziren Donostiarako autobusa erabili ezinean.
Asteburuan, hiru bider
“Zapatu goizean, bospasei lagun laga zituen geralekuan, 13:00etan beste bospasei lagun geratu ziren igo ezinda eta 16:00etan bi lagunek bakarrik lortu genuen igotzea, txartela Internetik inprimatu zuen pertsona batek eta neuk, bi leku zeudelako autobusean. Baina nire kasuan, gainera, gidariak esan zidan telefonoz egindako erreserbak ez zuela balio. Bestalde, zapatu goizean beste bati esan zioten Eibarrera joateko autobusa hartzera. Eta zer dela-eta ibili behar dugu Eibarrera joaten autobusa hartzera? Gainera, Eibartik-eta orduro dago Donostiarako autobusa, hemen, berriz…”, kontatu du Marimar Dezak, autobusaren erabiltzaileetako batek.
800 sinadura
Dezak gaineratu duenez, aspertuta daude arazo honekin, behin baino gehiagotan salatu baitute. Ikusita ez dutela arazoa konpontzen gertu daude orain arte egindako protestak indartu eta kalera irteten hasteko. Iaz, besteak beste, 800 sinadurek babestutako eskaera aurkeztu zioten alkateari autobus zerbitzua hobetu zezaten eskatzeko.
Udal ordezkariek herritarren eskaria Diputazioko ordezkariei helarazi zioten eta emaitza izan zen Donostiara joateko zerbitzu bat gehiago ipini dutela, 11:05ean. Baina agerikoa dela hori ez dela nahikoa edo emandako konponbidea ez dela aproposa.