Goiza periak abiatu zuen. Ganaduzaleek auzoko baserrietako animaliak izan zituzten ikusgai: behiak, astoak, zaldiak, txakurrak, oiloak... Barazkiak erosteko aukera ere izan zen Arizaga baserrikoek ipini zuten saltokian eta arozgintzako erreminta zaharrak ezagutzekoa ere bai, Juan Kruz Arizaga Kortaren ahotik. Umeek ponien gainean gozatu zuten eta helduek plaza ondoko arbolapeetako gerizpetan, falta ez zen jan-edanarekin.
42 jasoaldi harriari
Arratsaldeko jaia San Andresko Harria harrijasotze lehiaketak abiatu zuen, harmailak ikuslez beteta zirela. Lau harrijasotzaile lehiatu ziren: Imanol Rayo, Jon Gisasola, Mikel Lopetegi Urra eta Iraitz Arruti eta lauren artean Lopetegi zarauztarra gailendu zen, bost minutuko tartean harria 42 aldiz altxatuta. Hasieratik, bera izan zen faboritoa, orain arteko marka berea baita, 45 altxaldikoa.
Gauean dantzan eta boletan
Gauean, laurogei bat lagun batu ziren afaltzera eta ostean, goizeko ordu txikiak arte luzatu zen erromeria Izer eta Alabierrekin. Urolaldeko bikoteak denetariko dantza doinuak jo zituen: polkak, balsak, salsak, banangoa, fandango eta arin arinak, kalejirak... Eta batzuek dantzan jardun jardun zuten bitartean, beste asko boletan edo barraren bueltan aritu ziren.