Txalupa jarri eta gunea dekoratzeko ekimena Santa Ana kaleko bizilagun den Tere Guenetxeak bultzatu du, arrazoi estetiko eta kulturalengatik. Ondorengo mezuan azaltzen du zergatik ipini duten txalupa eta eskerrak eman dizkie horretan lagundu duten eta etorkizunean lagundu ahalko duten guztiei:
“Duela urte batzuk “Plazentziatarron ibaia garbi zegoeneko testigantzak” proiektuan parte hartu nuenean, elkarrizketatuek behin eta berriro aipiatu zituzten garai bateko txalupak edo “txanalak”.
Guzti horretatik sortu zitzaidan idea, aldarrikapen kutsu bat emanez udalaren biltegiaren gaineko terraza edo hezegunean txalupa bat jartzekoa. Aldarrikapen kutsua diot zeren ekintza horren asmoa da horrenbeste urtetan usurpatutako duintasun zati bat itzultzea ibaiari eta arreta jartzea horren gaizki tratatu dugunari.
Hala, duela urtebete eskari aurkeztu nion udalari eskatuz garbitu zezala urteetan leku horretan pilatu den lokatza, udan eltxoak erakartzen dituena, moztu zezala belarra eta txukundu zezala espazio hori estetikagaitik eta osasunagaitik. Nik bitartean ekin nion txalupa bilatzeari eta horrekin batera, saiatu naiz konponbidea bilatzen inguruan kumeak ateratzen dituzten ahateen biziraupen arazoari.
Josu Elesgarai mutrikuarra (udaltzaina) funtsezkoa izan da proiektu honetan. Haren laguntzarekin Mutriku osoa zeharkatu genuen zentzuzko prezio batean txalupa lor zezakeen pertsona aurkitu genuen arte. Txaluparekin batera, ahateentzako egurrezko etxetxoa jartzeko aukera ere sortu zen, Mutrikun dagoeneko ipinita zeuden bezala.
Bat nator Feng Shui teoriak dioenarekin. Ingurune garbia eta polita izatea gure bizi-kalitatearen atal garrantzitsua da. Hala, gestio eta bidaia askoren ondoren, lortu dugu txalupa, ahateentzako etxetxoa eta gure leiho eta balkoietatik gozatzeko dekorazio-gune eder bat sortzea.
Artean, ez dugu lortu Udalak lohia zeharo kentzerik baina bai belarra moztea eta dekoraziorako behar genuen pintura ere eman digute.
Guzti horri gehitzen badiogu auzolanean eta egin dugun lana, nire ikuspuntutik emaitza bikaina da (jakinik bakoitzak bere gustuak dituela). Beraz, eskerrik asko lagundu duzuen guztioi, lagundu ahalko duzuen guztioi eta laguntzen jarraitzeko asmoa duzuenoi.
Orain, udalak lekuaren mantentze-lanetan eta dituen gastuak konpentsatzen laguntzea da behar duguna, ez dugu falta besterik.
Tere Guenetxea”