Arartekoak atzera botatzea gomendatzen duen isunaren espedientearen kasuari dagokionez, herritar hori iazko abuztuan salatu zuten katuei jaten emateagatik. Udaltzaingoak gaia ikertu eta Udalak espedientea tramitatu ondoren, 2022ko urtarrilean 300 euroko isuna ipini zioten.
Arartekoaren ebazpenean jasotakoaren arabera, herritarrak errekurtsoa jarri zuen udal isunaren aurka, baina Soraluzeko Udalak errekurtsoari ezetza eman zion, Animalien jabetza eta babesa eta animalia arriskugarrien araubide juridikoa araupetzen dituen Udal Ordenantza urratzeagatik; ordenantza horrek kalean alderrai dabiltzan animaliei jaten ematea debekatzen du. Orduan, herritarrak Arartekoarengana jo zuen eta erakunde horren informazioa eskatu zion Soraluzeko Udalari.
Identifikaziorik ere ez
Orain, Arartekoak bere ebazpena eman du. Haren arabera, udaltzainak ez zuen aktan jaso herritarra zuzenean ikusi zuenik isunarekin zigortutako ekintza egiten. Dioenez, udaltzainak aktan jaso zuen soilik kalean janaria zegoela, jaso barik salatutako herritarra janaria botatzen ari zenik.
Bestalde, salatzailearen identifikaziorik ere ez zen jaso, eta, beraz, ondorioztatzen du Arartekoak ez zegoela nahiko kargu-proba herritarrari zigorra ezartzeko. Arrazoi nahikotzat jotzen du Arartekoak adierazitakoa zigorra baliogabetzeko. Halaber, Arartekoak baita ere kontutan hartzen du zigortutako herritarraren nolabaiteko desgaitasun intelektual izan dezakeela, eta, beraz, Udala horren jakitun izanda, herritarrak behar bezalako ulermena duela bermatu beharko duela, edo behintzat, bere egoera kontutan hartu.
Arartekoaren ebazpena eta Soraluzeko Udalari egindako gomendioa, erakunde horrek Eusko Legebiltzarrari urtero egiten dion hurrengo txostenean jasoko da.
Espediente gehiago zabalik
Udaltzaingoan gaiari buruz galdetuta, berriz, onartu dute salaketan ez zutela zuzenean demostratu salatutako pertsona hori zela katuei jaten eman ziena. Dena den, gaineratu dute pertsona hori behin baino gehiagotan salatu dutela animaliei jaten emateagatik eta espediente bat atzera bota badute ere, gehiago dituela zabalik. Halaber, gogora ekarri dute, udal ordenantzaren arabera, debekatuta dagoela kaleko animaliei (edozeini) jaten ematea.