#pirinioetakobidea

"Mugak demokratikoki erabaki behar dira, botoen bidez, eta ez inposizio bidez" Gure Esku

Egoitz Unamuno 2022ko uzt. 3a, 09:49

Bart iluntzean, Euskal Herriko eta Kataluniako milaka herritarrek Pirinioetako 300 tontor baino gehiago argiztatu dituzte, 430 kilometrotatik gorako argi lerroa osatuz. Helburua: herrien burujabetzaren aldeko aldarrikapena zabaltzea nazioartean. Debabarrenetik joandako berrehunen bat herritarrek Etxalarko Kokori mendilerroa argiztatu zuten.

Plazentziatik, Eibartik, Debatik eta Itziartik joandako herritarrak Etxalarko Kokori mendian batu ziren atzo, Gure Eskuk Kataluniako ANC Biltzar Nazional Katalanarekin, FEEC Kataluniako Txangozale Erakundeen Federazioarekin eta Omnium Cultural eta Artistes de la Republica elkarteekin batera elkarlanean antolatu zuen Pirinioetako Bidea-Via Pirinenca ekimenaren baitan.

Hamarrak aldera, gainerako mendietara joandako herritarrekin bat eginez, debabarrendarrek bostehunen bat metroko argilerroa osatu zuten Kokori mendilerroaren bi puntutan, frontal eta farola argitsuz hornituta eta dultzainaren eta txistuen doinu artean. Urrunean Larrun mendia eta beste hainbat mendi tontor ageri ziren, haiek ere argiztatuta.  

Hamar terdiak aldera, Kokorin zirenek Soraluzeko Zubi Nagusian batu zirenekin bat egin zuten zuzeneko konexio bidez eta Iñaki Amuategi Gure Eskuko kideak nazioarteko komunitateari zuzendutako mezua irakurri zuen: “Mezu argi bat bidaltzen ari gara gaur Pirinioetatik mundura: libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Lurralde bateko herritarren gehiengoak estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar du herri borondate demokratiko hori bururaino eramatea. Demokrazia eta askatasun kontu bat da: mugak demokratikoki erabaki behar dira, botoen bidez, eta ez inposizio, indarkeria edo gerraren bidez".

Hamaikak aldera, kantuan amaitu zuten ekimena, Txoriak txori, Agure zaharraren kanta eta El segadors kantak kantatu ostean. Ondoren, menditik beherako bideari ekin zioten eta errepidean zain zituzten autobusetan bueltatu ziren herrietara.  

Jarraian, atzo Pirinioetako Bidea ekimen osoari zuzeneko jarraipena eginez, Euskal Herritik eta Kataluniatik aldi berean eskaini zuten zuzeneko emisioaren bideoa:

Ekimenaren gaineko informazio gehiago argitaratu dute: Gure Eskuren Twitter kontuan eta argazkien kontuan, Berria.eus-en eta EITB.eus-en