Lapurreta saiakera eta auto-harrapaketa

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 27a, 11:05
Belarrak saltokiko pertsiana indarrez zabaltzeko ahalegina.

Asteburuan, bi gertakari izan dira Soraluzen. Batetik, bart gauean, lapurreta saiakera izan da Santa Ana kalean eta bestetik, zapatu arratsaldean, auto batek ume bat harrapatu zuen Loralde inguruko errepidean. Umea Mendarora eraman zuten kolpeekin, baina zorionez, dagoeneko etxean da.

Zapatuko auto-harrapaketari dagokionez, Udaltzaingoak emandako xehetasunen arabera, 18:00ak aldera gertatu zen. 

13 urteko umea errepidera irten zen justu autoa zetorrenean, zebra-bidetik kanpo. Autoak emandako kolpeen ondorioz, Eibarko ospitalera eraman zuten umea eta handik Mendarokora bidali zuten. Zorionez, ez zuen apurturik eta bestelako zauri larririk jasan eta dagoeneko etxean da.

Lapurreta saiakerari dagokionez, berriz, Santa Ana kaleko Belarrak saltokian izan da. Pertsiana indarrez zabaltzeko ahaleginaren zantzu garbiak daude baina zorionez, saltokiko atea ondo dago. Udaltzaingoak esandakoaren arabera, inguruko saltokiak begiratzen ibili dira eta ez dute atzeman bestelako ahaleginik.