Bertsoak, kantuak eta sua bihar San Juan bezperako egitarauan

2019ko Udate gaba.

Ekainaren 23a da bihar, San Juan bezpera eta iluntzean hainbat ekitaldi izango dira suarekin batera. Lehenik, Arrano elkarteak antolatutako bertso saioa balkoitik, ondoren Gure Eskuren kantu-jira eta azkenik, Pil-pileanek prestatutako Udate gabeko sua eta jaia.  

Egitaraua arratsaldeko 19:30ean abiatuko da, Arrano elkarteak antolatuta, Mari Ane Txoperenak eta Miren Arregi bertsolariek Etxaburueta kaleko balkoitik egingo duten bertso saioarekin. Ondoren, 20:30ean Etxaburuetatik bertatik abiatuko da Gure Eskuk uztailaren 2ko Piriniotako Bidea ekimenera deitzeko antolatu duen kantu jira, herriko musikari eta kantariekin batera egingo dutena. Azkenik, 21:30ean sorgin-afaria egingo dute Plaza Berrian bakoitzak etxetik eroandakoa janez eta ostean, 22:30ean, sua piztu eta ondoreneko Udate gabeko jaia egingo dute bertan. Jaian, Dantza Taldeak, Abesbatzak, Bertso Eskolak, Musika Eskolak eta Txistulari Taldeak parte hartuko dute.