Mozarten bost obra sinfoniko-koral jasoko ditu Aitor Biain Bidartek gidatutako programak. Atzo, Bergaran emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez, kontzertuko bi obra nagusiak Divertimento 138 eta Koroatze Meza (Krönungmesse) meza izango badira ere, bi pieza solte ere entzuteko parada izango da. Lehena bezperetako Laudate dominum (Jaungoikoa goratu dezagun) Nere Ibarraren ahotsean, eta Xirula magikoa (Die Zauberflote) 3.aria (Tamino), Aitor Garitano tenoreak abestuta.
79 parte-hartzaile
Ezoziko Ama Abesbatzako, Bergarako Orfeoiko eta Aequus Ensembleko 50 kantarik eta 25 musikarik parte hartuko dute saioan, eta beraiekin batera jardungo dute Nere Ibarra (sopranoa), Ainara Uribesalgo (altoa), Aitor Garitano (tenorra) eta Karlos Etxaniz (baxua) bakarlariek.
Bi kontzertu
Lehenengo emanaldia, ekainaren 25ean, zapatua, izango da. 20:00etan hasiko da emanaldia Soraluzeko Udal pilotalekuan. Sarrerak 10 euroan eskura daitezke Iratxo goxo-dendan.
Bigarren saioa, ekainaren 26an, domeka, izango da; 19:00etan Bergarako San Pedro parrokian. Sarrerak 10 euroan salduko dira Bergarako Mujika sastrerian eta Lonbide zapata dendan.