Gaur, 16:30ean, 39 gradu markatzen zituen Mendiolako Araseneko termometroak. Abisu horian gaude eta gainera, urteko egunik luzeenetan. Bestela esanda, gaur eguzkia ez da 21:51ak arte ezkutatuko, beraz, berotasunak arnas gutxi emango du gauera arte eta gauean ere ez du larregi freskatuko, aurreikuspena baita ez dela 24 graduetatik jaitsiko.
Bihar, berriz, alerta laranja dago aktibatuta. Goizean goizetik hasiko du berotzen eta diotenez, 10:00etarako litekeena da 30 graduetaraino ailegatzea eta egunak aurrera egin ahala 40 graduraino igotzea termometroa.
Hori bai, aurreikuspena da bihar hasiko dela egoera zertxobait normaltzen. Euskalmeten arabera, arratsaldean, haizeak mendebal edo ipar-mendebaldera egin dezake kostaldean, bolada gogorrekin, eta tenperaturak azkar xamar behera egingo du. Barrurago, berriz, arratsaldean bero-hodeiak agertuko dira eta zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Domekan jaitsiko dira tenperatura maximoak nabarmen.
Frontoian hezetasun orbanak
Bien bitartean, ahal duenak bainua hartzeko aprobetxatzen du; hemengo igerilekua, adibidez, umez eta gaztez beteta dago eta egunotan, horrela egon dira baita herriko iturriak ere. Kalea, berriz, iluntzera arte ia hutsik. Eta hezetasuna nonahi. Adibidez, Araneko frontoian orbanak eta guzti azaldu dira zoruan zein paretetan eta adibidez, bertan behera laga dituzte pilota jardunaldiak, labankor dagoelako.