“Lehen inpresioa da Soraluze oso herri txikia dela eta mendietan primerako bistak daudela”

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 10a, 14:02
Errasti Saenz de Buruaga Zubi Nagusian.

Errasti Sáenz de Buruaga (Gasteiz 1984) Soraluzeko udaltzain berria da atzo ezkero. Soraluzen dagoen bigarren emakumezko udaltzaina da. Gasteiztarrak lanbidez aldatu du udaltzain izan ahal izateko eta dio pozik dagoela lortu duelako. “Denetik ikastera” dator. 

Oso izen bitxia daukazu…
Bai, normalean abizena da, baina nire aitak gustuko zuen eta horixe ipini zidan. Esan didate herri bateko Ama Birjina dela.
Zelan bukatu duzu Soraluzen udaltzain izaten?
Bitarteko udaltzain izateko oposizioa egin nuen eta Soraluzera bidali ninduten. Bitarteko udaltzain naiz iaz oposizioak gainditu nituelako eta plaza barik geratu nintzelako. Deitu zidaten eta aukera hau eman zidaten.
Egunero egiten duzu Gasteiztik joan-etorria, gasolina dagoen moduan?
Bai. Repsolen aplikazio bat daukat eta beherapentxo bat egiten didate.
Ezagutzen zenuen Soraluze?
Ez.
Zein da lehen inpresioa?
Herri txikia dela, oso txikia eta mendiko partea oso polita dela. Primerako bistak daude mendietan.
Lehen aldia duzu polizia modura?
Bai.
Lehenago zertan ibili zara?
Estetizista naiz. Nik gustuko dut jendearekin lan egitea, 15 urte baino gehiago daramatzat jendearekin lan egiten. Egon naiz estetizista bezala eta azken sei urteotan arduradun moduan kosmetika denda batean.
Baina polizia duzu gustuko? 
Bai. Estetizista ere gustuko nuen, baina adin horretan ez duzu oso argi zer egin eta hura egin nuen, baina polizia izatea dut gustuko.
Polizia bai, baina ertzain edo udaltzain?
Udaltzain. Nire lagunik onena udaltzaina da eta beraren bitartez eta ikusita nola egiten duen lan kariñoa hartu diot lanbideari.
Zela ikusten duzu hiri batetik herri txiki baterako pasoa?
Oso desberdina da dena. Hau familia bezalakoa da. Denek ezagutzen dute elkar… Gasteizen, adibidez, polizia bat ikusten duzu eta ez zara urreratzen; hemen, berriz, agurtu eta guzti egiten zaituzte.
Ze espektatibarekin zatoz?
Denetik ikastera nator, ahal dudan guztia. Eta jendea ezagutzera.
Besterik nahi duzu esan?
Pozik nagoela hemen egotearren.