Tertulia atsegina Miren Agur Meaberekin

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 8a, 17:32

Aste honetan egin du Literatura Klubak ikasturteko azken saioa, Miren Agur Meabe idazlea gonbidatu berezi zutela. Espainiako Poesia Saria eskuratu duen Nola gorde errautsak kolkoan liburua aztertu zuten. Talde txikia elkartu zen osoko bilkuren aretoan, baina luxu handiko saioaz gozatu zuten bertaratutakoek. 

Astelehenean, Miren Agur Meaberen (Lekeitio, 1962) Nola gorde errautsak kolkoan (Susa, 2020) poesia liburua izan zuten aztergai Literatura Klubaren ikasturteko azkeneko saioan. Idazle lekeitiarrari iaz, Espainiako Poesia Saria eman zioten lan horrengatik; euskarazko lan bati sari hori aitortzen dioten lehen aldia da.

Liburua eskuetan zutela, borobil erdia eginez jarri ziren irakurzaleak udaletxeko osoko bilkuren aretoan eta haien aurrean Jasone Osoro eta Miren Agur Meabe idazleak. Literatura Klubeko gidari den Jasone Osoro idazlearen galderen bitartez murgildu ziren Nola gorde errautsak kolkoan poesia liburuaren nondik norakoetan. 

Tertulia aberatsa

Ordubete pasatxoan jardun zuten berbetan, herriko irakurle taldea isil-isilik eta adi-adi entzuten. Sakonean berba egin zuten, Meaberen liburua bera aztertzeaz batera, desamodioaz, emakumeen ikusgarritasun beharraz, literaturaren funtzioaz, idazleek idaztetik bizitzeko dituzten zailtasunez eta bestelakoez, tertulia atseginean. 

Idazleak, besteak beste, liburua zatika aztertu zuen esplikatuz hainbat poemaren jatorria, arrazoiak, zergatik batzuk dauden fetxatuta… “Lortzen dudanean nire adierazpidean zerbait berria azaltzea, hori fetxatu egiten dut”. 

Gai pertsonaletara ere jo zuen Miren Agur Meabek, azken batean, bere literaturak hortik edaten baitu, berak azpimarratu zuen moduan, “nire bizitza eta nire lana gauza bera dira”.

Poesiari buruzko pedagogia beharra

Amaieran, aspertzetik urrun, Miren Agur Meaberen liburua eskuratu barik zutenek berau erosteko asmo sendoa erakutsi zuten eta ordurako bazutenek, berriz, liburua berriro ere irakurtzekoa. Horrekin, besteak beste, agerian geratu zen, Meabek berak Soraluzeko tertulian esan zuena, beharrezkoa dela “poesiari buruz pedagogia” egitea. 

Erlazionatuak

Miren Agur Meabe Soraluzen

Ubane Madera Zangitu 2022 eka 08 Kultura

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.