Minbiziaren Aurkako Hamabostaldia antolatu dute Debabarrenean babes gehiago lortzeko

Erredakzioa 2022ko eka. 7a, 14:11

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan-eko Debabarrenako Batzarrak Minbiziaren Aurkako Hamabostaldia jarriko du martxan zapatuan, ekainaren 11n, “herritarren artean laguntza gehiago lortzeko, paziente eta senideei ematen zaien arreta indartzeko eta minbizia duten biztanle gehiagorengana iritsi ahal izateko”. Asmo horrekin, hainbat hitzaldi eta tailer egingo dira.

Debabarreneko Minbiziaren Aurkako Hamabostaldiaren lehen jarduera zapatuan bertan izango da: 11:00etatik 14:00etara Mutrikun boluntarioak kalera irtengo dira, ikerketa onkologikorako dirua biltzeko. Horretarako, Goiko plazan eta Beheko plazan mahaiak jarriko dituzte.

Ekainaren 16an, eguena, 18:00etan, Debako Kultur Etxean “Koloneko eta ondesteko minbizia, bizitzaren esperientzia” hitzaldia emango du Jone Labaka erizainak.

Hurrengo egunean (barixakuan, hilak 17) 18:00etan, Eibarren, Errebal Plazako dantzalekuan Lorena Carnevalik yoga tailerra emango du, “Indarra elkartasunean dago, zugan bizi eta dena posible izango da” izenburuari jarraituta.

Ekainaren 20an, astelehena, 12:00etan Eibarren, “Hitz egin dezagun… Minbizia ondorengo bizitzari buruz” topaketa izango da, elkarteko hainbat profesionalek moderatua. Topaketa Eibarko egoitzan izango da, Ardantza kalean.

Hamabostaldiaren baitan, Minbiziaren Tour-a erakusketa ikusi ahal izango da ekainaren 16tik 19ra Mutrikuko Zabiel Jauregian.

Jarduera guztiak herritar guztiei zuzenduta daude, edukiera mugatua izango dute eta izena eman beharko da 943 20 24 94 telefonoan edo www.contraelcancer.es/es/gipuzkoa/ekaina/2022 webgunean.

2021ean elkartearen eskualdeko egoitzan arreta psikosozialaren 65 onuradun izan ziren. Iaz 303 saio psikologiko eskaini ziren eta 189 esku-hartze egon ziren prebentzio-ekintzetan. Minbiziaren Aurka Debabarrenean 1.396 bazkide daude eta, beraien ekarpen solidarioei esker, psikologia-saioak edo arreta soziala guztiz doakoak dira paziente eta senideentzat. Gainera, 104 boluntarioren laguntza du, eta horiei esker ere lortzen da pazienteentzako eta senideentzako doako zerbitzuak indartzea.