Aittatu gaittue

Mikel Santiago: “Momentu batean hasi nintzen pentsatzen ea benetan nenbilen nik egin nahi nuen bizitza egiten ala inertzia batekin bizi nintzen”

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 4a, 09:29

Eguaztenean eskaini zuten Goiena Telebistan Mikel Santiago fraide soraluzetarrari egindako elkarrizketa, Hemen Goiena albistegian. Fraide egiteko prozesuari buruz, erabakiaren zergatiari buruz, Arantzazuko egunerokoari eta bestelakoei buruz jardun zuen Txomin Madina kazetariarekin. Ikus elkarrizketa osoa goiko bideoan (00:23:20tik aurrera).

Arantzazuko Santutegian hartu zituen Mikel Santiagok Goiena Telebistako lankideak. Profesio Nagusiari buruz, fraide izateko erabakiari buruz eta oro har, gaur egun duen bizimoduari buruz galdetu zion Txomin Madina kazetariak.

15 bat minutuz jardun zuten elkarrekin berbetan. Besteak beste, honako galderari erantzun zion: 

48 urterekin ez dakit ohikoa den fraide bihurtzea? Berezia dela esan genezake, ezta?

 “Umetan hemen ikasi nuen, 12 urterekin, geure sasoian 7. eta 8. mailak zirenak egin nituen hemen eta gero jarraitu nuen Gernika ondoko herritxo baten, Foruan eta han ere egin nituen lau urte eta nik uste han geratu zitzaidala halako hazi bat barruan. Baina gero laga egin nuen, beste bide bat egin nuen, Zuzenbide ikasketak egin nituen eta ibilbide profesional bat egin dut bizitzan zehar. Baina norberak ikusten duenean ez duela bizitzan bere lekua topatzen, nahiz eta zurrunbilo baten bizi, baneuzkan lan asko, bizitza pixka bat halako zurrunbilo azkar batean, eta momentu batean hasi nintzen pentsatzen ea benetan nenbilen nik egin nahi nuen bizitza egiten ala inertzia batekin bizi nintzen. Kristau ikuspuntutik irakurketa izango zen ea Jainkoak niretzat nahi duen bizitza hori bizitzen nabilen ala ez. Hor hasi nintzen halako hausnarketa-otoitz prozesua egiten eta hasi nintzen hurbiltzen frantziskotarrengana Gasteizen, orduan Gasteizen bizi nintzen eta Gasteizen egiten nuen lan eta modu naturalean izan da lehenagoko oroitzapen hazi horretan oinarrituta-edo igual, baina lehenengo nire barruko sen horri erantzun nahian egindako bidea eta azkenean amaitu dut frantziskotar bizimodua hartzen eta anai artean bizitzen”.