Ikasturte amaierako jaia, zapatuan

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 2a, 09:47

Zapatuan, puzgarriak, tirolina eta bestelakoak dituen jolas-parke erraldoia jarriko dute Erregetxean, Atxolin eta Keixeta guraso elkarteen eskutik, ikasturte amaierako jai modura. HH2tik hasi eta DBH2ra bitarteko ume eta gazte guztiei zuzendutako ekimena da. Jolas-parkea goizez zein arratsaldez izango da zabalik eta 19:00etatik aurrera sorpresa izango dela iragarri dute.

Zapatuan, goizez 11:00etatik 13:00ak arte eta arratsaldez, 17:00etatik 19:00ak arte izango da zabalik Erregetxean ipiniko duten jolas-parkea. Tirolinez eta puzgarriz osatutakoa izango da eta gainera, 19:00etan,  bainujantzia edo aldatzeko arropak eramatea eskatzen duen jarduera sorpresa izango dela ere iragarri dute antolatzaileek, Plaentxi eskolako Atxolin guraso elkarteak eta institutuko Keixeta guraso elkarteak.

Bi elkarteetako bazkideek doan sartu ahalko dira jolas-parkera, kide ez direnek, berriz, 7 euro ordaindu beharko dute. Haur Hezkuntzako 2. mailatik hasi eta DBHko 2. mailara arteko umeei eta gazteei zuzendutako ikasturte amaierako jaia da.  

Eguraldi txarrarekin ezin egin

Hori bai, ohartarazpen bat ere egin dute antolatzaileek: “Gaur hartu behar zen erabakia, jaia kanpoan ala barruan egin. Erabaki dugu kanpoan egitea, baina eguraldi txarra baletor, bertan behera geratu beharko litzateke, azken momentuan ezin baita lekuz aldatu jolas-parkea”.