Atzoko elkarretaratzean, EAJk eta PSOEk "onartu" nahi duten enplegu-pentsioen planen legea baztertu zuten. Besteak beste, salatu zuten lege berriaren bitartez, pentsio pribatuak "gizartean zalantzan" jarrita dauden honetan, haiek bultzatu nahi dituztela "diru publikoarekin, interes pribatuaren mesedetan", borondatezko gizarte prebisioko erakundeen (BGAE) bitartez.
Gaineratu zutenez, Jaurlaritzako txosten baten arabera, "enplegu BGAEek enplegu onak dituen gutxiengo bati egingo diote mesede eta hobari fiskalen %70 aitortzaileen %25ek eramango ditu". Halaber, diote, baita ere, "pentsio-funts pribatuetara egindako ekarpenengatik milaka milioi euroko zerga-onurak zergadun aberatsenen %10i" zegozkiela.
Onuradunak: bankuak, inbertsio-funtsak…
Oro har, salatu dute lege berriak "funts publikoekin sustatuko pentsio-plan pribatuak arautzen dituela, soldaten, diru-sarrera fiskalen eta pentsioen sistema publikoaren kaltetan" eta onuradun nagusiak direla "bankuak, inbertsio-funtsak eta aseguru-etxeak".
Horrekin batera, jakinarazi zuten eraikuntzaren estatuko aurreakordioaren arabera, soldatak %3 igoko direla lehen urtean, %2 bigarren urtean eta %2 hirugarren urtean eta urtero %1 gehituko dela pentsioen funts batean. "Negozio biribila enpresa handientzat eta funtsen kudeatzaileentzat".
Bermatu bako prestazioa
Pentsioen sistema publikoaren eta pribatuaren arteko konparazioa ere egin zuten: "Pentsioen sistema publikoa banaketa- sistema bat da, belaunaldien arteko elkartasun-sistema bat, hil arte zehaztutako prestazioak bermatzen dituena; sistema pribatua, berriz, indibidualista da, egindako ekarpenen mende dago, bermatzen ez den prestazio mugagabea du, eta pertsona guztientzako gutxieneko pentsio publiko duinak eta menderagarriak bermatzeko beharrezkoak diren funts publikoekin sustatzen da".
Horregatik guztiagatik, pentsioen "sistema publikoa pribatizatzea sustatzen duen lege-proiektua" erretiratzeko eskatu dute eta honako eskaerak egin dituzte: "14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko, pentsio-plan pribatuetarako laguntza publikoak kentzeko eta pentsioen sistema publikoa indartzeko, 2011tik aplikatzen ari diren murrizketak lehengoratzeko eta pentsioak nahi den bezala kalkulatzeko urteak handitzeari aurka eginez".
.