Zer moduz?
Ondo, ondo, ondo. Hemen pozik. Arantzazun.
Gaur zortzi baino lasaiago?
Bai, bai, lasaiago.
Gaurkoa da frantziskotar bizitzako zure aurrenengo igandea, ezta?
Bizitza guztirako profesa egin ondorengoa, bai. Fraide banaiz 2016tik, baina orduan egin nuen profesa urtetik urtera berrizten joan naiz eta joan den igandean egin nuena izan zen bizitza guztirako frantziskotar izateko profesa.
48 urte dituzu eta une honetan Arantzazuko frantziskotarren artean gazteena izango zara.
Bai. Hemen Arantzazun gazteena naiz momentu honetan.
Eta zu baino hurrengo zaharragoa denari zenbat urteko tartea ateratzen diozu?
Badaude bizpahiru 60 urtekoak, beraz, 10-12 urte.
Frantziskotarren sotana marroia gainean duzula imajinatu behar zaitugu?
Orain momentuan ez daramat, baina erabiltzen dugu elizarako, ekitaldi batzuetarako. Baina egunerokotasunean gehienok ez dugu erabiltzen.
Mikel, zergatik frantziskotar eta zergatik Arantzazu?
Arantzazu niretzat jada ume-umetatik esanahi handia daukan lekua da. 12 urterekin Arantzazura etorri nintzen seminarioan ikastera. Ez dakit ondo zergatik. Nire buruari askotan galdetu diot eta ez daukat erantzun argirik, baina burura etorri zitzaidan hona etorri nahi nuela eta hala esan nien gurasoei. 7. maila eta 8. maila hemen egin nituen eta nik uste dut orduan hazi bat geratu zitzaidala barruan eta Arantzazurekiko maitasun handi bat hartu nuela. Gerora, bide hau utzi egin nuen arren, nik uste dut hazi hori barruan neukala. Gero, hausnarketa eta bizitzaren egoeraren ondorioz, berriro itzuli naiz hona. Frantziskotarrak ezagutu nituen oso umetan eta beti iruditu zait San Frantziskok erakutsitako bidea kristau izateko bide berezia dela eta erakartzen nauena. San Frantziskoren mezu edo bizitzaren helburu nagusiak dira anaia eta txikia izatea. Horregatik da Frantziskotarren ordenaren izen ofiziala Anaia Txikien Ordena. Fedea bizitzea anaitasunean, elkarrekin, taldean eta txikitasunean: apaltasuna, pobretasuna… Bizitzarako beharrezkoak diren gauzak dira, baina nolabait jainkoari jarraitzeko eta oztopo izan daitezkeen beste gauza guzti horiek albo batera lagata.
Eta ekologista ere bai?
Baita. San Frantziskok ere bere garaian (11-12. mendekoa da) bazeukan kreazioarekiko miresmen handi bat. Berak sortutako guztiaren aurrean ikusten zuen jainkoaren presentzia, jainkoak hitz egiten zuela eta horrek eramaten zuen sortutako guztiarekiko errespetua eta miresmena izatera. Eta horrek badauka ba gaur egun ekologismoa esaten diogun horren jatorri bat, ezta?
Esan duzunarekin lurrari oso lotuta irudikatzen zaitugu, Gandiagaren bidetik.
Bai, bai. Nik uste dut fraide izatea munduarekin, gizartearekin eta gizakiarekin lotuta egotea dela. Alde batetik, jainkoaren presentzia bai gauza guztietan eta bai beste gizakietan ere ikusten delako eta Jesukristoren jainkoa historian parte hartzen duen jainko bat delako. Egunerokotasunean parte hartzen duen jainko bat eta gurekin batera bizitza honetako bizibide hau egiten duena. Horrek eramaten gaitu lurrari bere osotasunean loturik bizitzera; lurrari, kreatutakoari eta historiari.
Hala ere, kontenplaziorako bakarrik ez da inor bizi. Pentsatzen dugu Arantzazun izango dituzula zeregin zehatz batzuk ere.
Bai. Gezurra ematen badu ere, Arantzazun lan handia dago. Badaukagu gure lehen egitekoa, otoitza, eta badauzkagu gure otoitz orduak goizean, eguerdian eta iluntzean. Gero bestelako lanak ere tokatzen zaizkigu, adibidez, jende nagusia daukagu hemen eta tokatzen zaigu anaia nagusi horiei arreta eskaintzea. Gero, ba liturgia eta horrelakoak prestatzea. Arantzazun duela urte askotatik egin da ahalegin berezia Euskal Herriko kristauei igandeko meza eta liturgia zaindua eta ederra eskaintzeko. Eta horrekin batera, nik uste dut tokatzen zaigula jendeari gure arreta eskaintzea, entzutea. Edozein arrazoiengatik datorrenari gure harrera ona egin, entzun eta gure bizitzaren testigantza eskaini. Nola bizi garen gu, zergatik bizi garen horrela, zerk eramaten gaituen horrela bizitzera… Gure fedearen arrazoia edo zergatia azaltzea.
Jendea joaten al zaizue zerbaiten bila?
Bai, bai. Jendea etortzen da. Batzuetan, besterik gabe, barruak askatzera edo bakerik gabe dagoelako. Badago jendea espresuki etortzen dena oso ondo jakin gabe zergatik edo zeren bila, eta atea jotzen duena. Eta bada beste jende bat, igual atea jo ez arren, inguruan dabilena, elizara sartu-irten bat egiten duena... Nik uste dut gaur egun jendeak gero eta gehiago bilatzen duela bakea edo espiritualtasuna eta horrek ekartzen duela horrelako lekuetara. Hona, Arantzazura ere bai.
Alde horretatik, gizartea nola ikusten duzu fedearekiko, beste sinesmen batzuekiko, espiritualtasunarekiko... Premiak handituta daude?
Nik uste baietz. Egon da edo badago erlijiotasun antolatuaren edo erakundetuaren aurkako edo aldentzeko joera, baina neurri berean nik uste dut badagoela espiritualtasunaren bilaketa gero eta handiagoa ere.
Nik uste dut espiritualtasuna gizakion dimentsio bat dela, landu beharrekoa, bizitzako beste dimentsio batzuk bezala. Eta bueno, ba seguru aski, urte batzuetan, arrazoiarekin, elizarekiko egon den jarreragatik, jende askok dimentsio hori ahaztu egin du. Baina nik uste dut gaur egun badagoela berraurkitze bat edo dimentsio hori lantzeko kezka bat berriro eta jendea, nolabait, bila ari dela. Niri pena ematen didana da jende askorentzat akaso guk ez dugula asmatzen espiritualtasun egarri horri erantzuna ematen. Badaude espiritualtasuna lantzeko beste aukera batzuk, orain gizartean ikusten ditugunak. Jende bat ari da bide batzuk egiten espiritualtasunean, beste bide batzuetatik eta nire ustez pozgarria ere bada, baina niretzat kezka da guk ez asmatzea egarri bat daukan jendeari erantzuten.
Gainerakoan, nola ikusten duzu gizartea? Gaur egun, frantziskotarraren bizitzeko modutik oso aldenduta ote gaude?
Nik gizartean ikusten dudana da jende asko behintzat zurrunbilo batean bizi dela. Lana. Etxe askotan ikusten da, seguru aski etxeko kide denek lanean egon behar dute hilabete bukaerara heltzeko, etxeko hipoteka ordaintzeko, seme-alaben ikasketak ordaintzeko, oporrak eta abar. Eta halako zurrunbilo batean sartuta, jende askok ez dauka astirik ere pentsatzen jartzeko bizitzan nola bizi nahiko lukeen. Eta gero bai, badago halako kontsumismoko eskaintza handi bat denok harrapatzen gaituena. Pentsatuz gure indarrak hor jarrita zoriontsuago eta pozago biziko garela. Horren aurrean, frantziskotarron asmoa da, San Frantziskori jarraituz, erakustea bizitzaren muina eta esentzia beste leku batean dagoela. Kontsumismo bizitza zurrunbilo azkar horretatik ateratzeak on egiten duela, bakea dakarrela. Guk espresuki, kristau ikuspegi batetik diogu jainkoa gure ondoan daukagula bizitzaren bide honetan eta hori berri on bat dela. Hori hedatu, zabaldu nahi dugu gure inguruan.
Arantzazuko frantziskotarren etorkizuna nola ikusten duzu? Une honetan 22 anaia zaudete bertan. Etorkizuna?
Ikusi egin behar. Momentuz behintzat, hemen, Euskal Herrian, nire atzetik ez dator inor eta ikusi egin beharko da nola bizi beharko dugun. Anaiarte txikiago bat izanda, gure bizitza eta gure lanak beste era batera planteatu beharko ditugu. Baina bueno, beldurrik gabe, esperantzaz eta lasaitasunez, eta ikusiz zer baldintza datozkigun. Egia dena da, momentuz, atzetik ez datorrela inor eta begiratu beharrekoa izango dela.
Ez dugu esan, baina orain zeu zara Arantzazuko organista.
Bueno, oso komatxo artean jarrita, baina bai. Zeren eta nik organoa oso-oso gutxi jotzen nuen lehen eta hona etorri nintzenean, iazko uztaila inguruan, ikasten hasi nintzen, baina gutxien espero nuena zen Pellok –Pello Zabala-, gure Pellok, horren gutxi iraungo zigula. Bera izan da organista Arantzazun azkenengo urte luzetan eta bera faltatu zaigunean, esan didate ‘jo beharko duzu zuk igandeko mezan?’ eta hasi naiz, oso modu apalean bada ere, jotzen edo mezatan laguntzen, baina bueno, ikasten ari naiz oraindik eta justukoa. Horraino.
Nola ari zara ikasten? Irakasleren batekin?
Musika eskolara joaten naiz. Oñatin badaukat organo irakasle bat eta gero Bilbon ere Sociedad Coral Bilbokoak dauzkan eskaintzetara ere joaten naiz organoa ikastera, bi lekutara. Pixkanaka-pixkanaka ari naiz ikasten.
Fraide sartu baino lehen zer ikasi zenuen?
Zuzenbidea ikasi nuen. Zuzenbidean lizentziatua naiz.
Lagunek eta, zer esan dizute? Ikusiko zuten zure erabakia sendoa dela eta pozik zaudela, hartu duzun erabakiarekin baina aldi berean 'ederra galdu diagu' bat ere izango da beharbada.
Galdu galdu ere ez naute egin. Soraluzetik ez naiz oso urrun bizi, momentu honetan behintzat. Baina egia da gaur egun nire lagunetako asko ez direla fededunak edo fededunak izanda ere, ez direla elizara joatekoak. Egia da jende askorentzat oso zaila dela ulertzea horrelako erabaki bat. Dagoeneko badira bospasei urte nire lagunei esan niela bide hau hartu nahi nuela, behintzat formakuntza prozesu batean sartuko nintzela.
Batzuk esan didate ez dutela ulertzen, baina errespetatu egin dute beti. Jendeak orokorrean animatu egin nau aurrera jarraitzera, ikusten baldin badut hau dela nire bidea, ba, zoriontsu izateko ahalegina egin dezadan bizitzan.
Lagunak eta etorri zaizkizu Arantzazura?
Bai, bai. Hori ere esan beharra dago. Joan den igandeko ospakizunera Soraluzeko lagun asko etorri ziren eta beste leku batzuetakoak ere bai. Umetan txistularia nintzen Soraluzen, orduan Domentx Uzin buru zuen txistulari talde bat etorri zen, baita Iñigo Alberdi organista ere eta ofertorioan oso pieza hunkigarria jo zuten (‘Baratze bat’). Hasieran hasi zen txistu bakarra, organoak suabe. Gero sartu ziren txistu guztiak danborrarekin. Niretzat hunkigarria izan zen. Doinu hori bizitza guztirako edukiko dut bihotzean sartuta. Amaieran txistua jo zuten eta agurra ere dantzatu zidaten. Egia esan, hori eskertzekoa izan zen.
Eta norbait Arantzazura joaten bada, non topatuko du Mikel Santiago?
Bueno, ba segun eta zein ordutan. Goizetan, otoitzaren ondoren, gure enfermerian ibiltzen naiz laguntzen. Lan gosariak eta pastillak ematen jaikitzen joaten diren neurrian. Organoa ere praktikatu beharreko gauza da, orduan ba organoa jotzen ere harrapa nazakezue. Ikasketak jarraitzen ere ari naiz. Fraide egin ahal izateko teologia ikasketa batzuk egitea eskatzen da, gradu mailako ikasketa batzuk esan dezagun eta horiek burutu ditut, baina hori pixka bat sakontzeko ikasketak egiten jarraitzen dut. Online ari naiz Deustuko Unibertsitateko Teologia ikasketekin. Beraz, pantailara konektatuta ere egon naiteke eguneko ordu batzuetan. Eta bestela, otoitzean, otoitz ordua tokatzen baldin bada, edo hemen, etxe barruan, tokatu daitezkeen anaiarteko mila lan txiki egiten, etxe handia da eta.