Soraluzeko soinujoleari etxetik datorkio musikarekiko zaletasuna. Aita Manuel Arruabarrena panderojolea zuen eta anaia, Juan Manuel, soinua ikasten ibili zen Eibarren, Felix Aranzabal Angiozarko itsuarekin. Pablo, berriz, Arantzazuko seminarioan hasi zen musikan, 11 urterekin: "Arantzazun, solfeoa eta musika derrigorrezko ikasgaiak ziren. Pello Zabala zen gure maisu. Pianoarekin hasi nintzen, baina ni beti joaten nintzen soinua hartzera. Pello beti atzetik, hartu pianoa! Baina nik soinua nahi nuen. Beti erakartzen ninduen soinuak eta erraztasuna ere banuen", dio.
Parranden girotzaile
Ikasketak amaitu eta herrira bueltatzean, 17 urterekin kalean hasi zen soinua jotzen. "Kalejirak, Finalista Egunean, Bai Euskarari ekitaldian…Sasoi batean beti soinuarekin ibiltzen nintzen. Gaur egungo anbientea eta ordukoa desberdinak dira. Lehen denok estimatzen zuten taberna batera sartu eta soinua jotzea. Gaur egun ez. Tabernetan musika ipinita dago eta hura kendu beharra dago soinua jotzeko. Gu, berriz, parranden girotzaile ginen. Auzoko jaietan ere asko jo izan dugu, San Inazion, Iruren, San Andresen, Ezozin Eganen kontzertuaren atsedenaldian eta eurekin batera…"
Girotzaile zeregin horretan, lagun bat baino gehiago izan ditu Arruabarrenak ondoan, panderoa jotzen, Ernesto, Osintxuko Martxel, Iraolabeitiko Ana Belen eta Txilarre. Euren kabuz ez ezik, kontratatuta ere jarduten zuten: "15 urte inguruan, asteburu askotan ezkontzetan, bazkarietan… ibili ginen joten, batez ere Txilarre eta biok, baina azkenerako lana zen eta aspaldi laga genuen hori", gaineratu du soinujoleak.
Elizan eta Plaentxia Kantuan
Asteburuetako zereginei laga arren, azken urteotan, soinua beste taula batera eraman du Arruabarrenak: elizako aldarera. Berak jartzen die musika herriko elizkizunei: "Elizan hasi nintzen Luis Gomez etorri zenean. Mezetara joan nintzen eta han ez zegoen ez musikarik eta ez beste ezer. Zerbait egin behar zela pentsatu nuen eta organoa jotzen hasi nintzen, laguntzearren, dena den ni ez naiz organista. Hiru lagun handirekin batera jotzen nuen, Luis Elortzarekin, Manolo Etxaberekin eta Begoña Txurrukaren eurak abesten eta ni jotzen. Orain bakarrik nago. Orain hiletetan-eta jotzen dut organoa eta umeen elizkizunetan soinua. Horrez gain, Plaentxia Kantuan ekimenean ere jotzen dut".
Soinua jotzeaz gain, soinurako konposatu ere egin du Arruabarrenak, bost pieza inguru: "Bi fandango, bi arin-arin eta balts bat; baltsa partituran jaso zuen Domentxek. Besteak Arrate Irratian grabatuta daude. Ana Belen Laskurain eta biok joan ginen".
Bestalde, soinujole ez ezik, tronpeta-jotzailea ere bada Arruabarrena: "Iban Urizarrekin ikasi nuen musika eskolan. Eta lehen danborradan jo nuen tronpeta, Marina Alberdirekin. Soinua eta gero, tronpeta da instrumenturik politena. Txarangan ere ibili nintzen urte batez tronpetarekin. Orain dela 20 bat urte".