Soraluzen bizi diren errefuxiatuen harrera familietako bat hilabete eta erdi dela hasi zen Ukrainatik etorriko ziren errefuxiatuendako zein laguntasun dauden galdezka. Harrezkero, behin eta berriro ahalegindu dira laguntasunen bat lortzen, baina oraindik ez dute batere lortu.
Herriko zerbitzuetarako laguntza eskaera
Mertxe Galarragak kontatu du bere esperientzia: “Ni hasi nintzen galdetzen Inna etorri baino lehen, ze Azpeitiko alkateak esan zidan han, adibidez, badaudela udal laguntzak eta etxebizitzak eurendako, eta, Diputaziotik ere etorriko zirela laguntzak. Inna etorri zen egun berean eskatu nuen hitzordua Udalean; apirilaren 18-19an egon ginen Jose Agustin eta biok alkatearekin eta hark esan zuen begiratuko zuela gaia.
Joan den astean berriro galdetu nuen gaiari buruz. Sikiera ea bazegoen etxebizitzaren bat eurendako, edo kiroldegira merkeago joateko aukera, edo udalekuetara… beste ume batzuk moduan. Gaur (barikua) eman digute hitzordua eta gaur Udaletik berriro ere azaldu dizkigute bestelako elkarte edo erakunde batzuen laguntzak, Caritasenak, Diputazioarenak, arreta psikologikoa … Baina Udalean egindako eskaerarekin lotuta, adierazi dute astelehenean gaia landu zela batzordean, eskaera aztertu zutela udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek, eta, eskualdeko bestelako udalekin ere kontsulta egin ondoren erabaki dutela ez dietela laguntasunik emango Ukrainako umeak kiroldegira merkeago joan ahal izateko edo bestelako zerbitzuak merkeago erabili ahal izateko. Esplikatu dute ez dutela laguntasunik emango familia horiek ez dituztelako laguntza sozialik jasotzen eta halakoak jaso arte ezin dituztela bestelakoak eskuratu. Guk erantzun dugu ez dutela laguntza sozialik jasotzen orain arte ez dutelako laguntza horiek eskatzeko aukerarik izan administrazioaren burokraziak eragotzita. Azaldu dugu datorren asteko eguenean dugula hitzordua Jaurlaritzako ordezkariekin paper guztiak entregatzeko eta galdetu dugu ea eskaera orri hori baliatuta eman ahal dieten aukera ume horiei beste umeek dituzten laguntzak eskuratzeko. Eta erantzun digute laguntza horiek jaso ondoren eskatu behar ditugula beste guztiak eta pentsatzen dutela orduan bai izango dutela bestelako laguntzak jasotzeko aukera.
Baina kontua da zenbat denbora daramatzaten hemen (batzuk ia bi hilabete) eta oraindik ez dutela ezer jaso. Administrazioarengatik balitz, zer gertatuko zen hauekin? Beste adibide bat: laguntzak eskatzeko derrigortuta daude kontu korronte bat zabaltzera eta hor ere gastuak besterik ez daude.
Oso mingarria egin zaigu Soraluzeko Udalak esatea ez duela lagunduko Ukrainako umeak kiroldegira merkeago joaten edo bestelako zerbitzuak merkeago erabili ahal izaten. Ez gabiltza dirua eskatzen. Beste ume batzuk dituzten baldintzak izan ditzaten, baizik. Sentsazioa izan dugu eskean gabiltzala”.