Domekan, kalejira egin ondoren, 13:00etan hasiko da Bergarako Musika Bandaren kontzertua, Plaza Zaharrean (euria bada, Araneko kantxan).
Kontzertu bariatua
“Kontzertu bariatua, gustu ezberdinetarako aproposa” izango dela azpimarratu du Bergarako Musika Bandako zuzendari Enrike Txurruka Larrañagak (Soraluze, 1973). Joko dituzte Georges Bizet-en L'Arlessiene, suite klasiko bat; Carl Wittrock-en Crossroads, gaur egungo bandarako musika; Itoiz-en bost doinu, euskal pop-rock taldearen doinuetan oinarrituz Txurrukak berak egindako moldaketa; eta Kees Vlak-en Las playas de Rio, musika brasildarrekin osatutako bilduma bat.
'Kanpantorreko erlojua', martxa berria
Horrez aparte, pieza oso berezi bat izango da Soraluzen entzungai, Enrike Txurrukak propio bertarako prestatuta eta jaioterrian estreinatuko duen martxa bat: Kanpantorreko erlojua. “Nire musika hasierak Soraluzen izan ziren, txistulariekin, Mari Carmen Olaizolarekin eta Ines Mari Maiztegirekin. Nire belaunaldi inguruko askok gogoratuko dituzte oraindik Ines Marirekin ikasitako doinuak. Horietako batean oinarritu naiz martxa hori sortzeko, nahiz eta gero nire airera moldatu dudan”, esplikatu du konpositoreak.
“Sasoi bateko ohitura berreskuratu”
Bestalde, domekako kontzertuaren helburua da “ikasleei eta herritarrei orokorrean, banda bezalako musika taldeak hurbiltzea. Izan ere, hori izan baitaiteke eskolako ikasleentzat helburu, ikasten ari diren musika tresna hori, horrelako talde baten jotzera heltzea, alegia”, dio Txurrukak.
Baina hark gogora ekarri duen moduan, “zoritxarrez gaur egun ez da Soraluzen musika banda egonkorrik, beraz guri egin digute gonbidapena. Bide batez, sasoi bateko ohitura berreskuratzen da, Bergarako Banda sarri joan izan baita Soraluzera jotzera. Bai Miguel Gonzalez Bastidaren sasoian, baita Alfredo Gonzalez Chirlaquerekin ere. Niretzat lehenengo aldia izango da zuzendari bezala, eta soraluzetarra izanda, ilusio berezia egiten dit, noski”.
Kontzertuaren gaineko saioa, gaur
Bandaren kontzertuaren harira, berriz, Soraluzeko Musika Eskolak saio berezia egingo du gaur, 16:30ean, Itxaropena Erretiratuen Elkartean. Musika eskolako zuzendari eta Bergarako Musika Bandako musikari Domentx Uzinek kontzertuaren nondik norakoez jardungo du, domekako kontzertua “gehiago apreziatu ahal izateko gakoak” emateko helburuz. Interesa duen edozein bertara daiteke.