Zabalik da udalekuetan izena emateko epea

Ubane Madera Zangitu 2022ko mai. 16a, 16:15
Umeak urarekin jolasean, iazko udalekuetan.

Gaur, maiatzak 16, zabaldu dute aurtengo udalekuetan izena emateko epea eta maiatzaren 27ra bitartean izango da zabalik. Udalekuak, berriz, uztailaren 4tik 15era bitartean egingo dira, Kukumixoren eskutik eta HH4tik LH6ra (2010-2017 urte bitartean jaiotakoak) bitarteko umeei daude zuzenduta. Matrikula egiteko bi bide daude: online, Plaentxia.eus atariko goiko sarbidean edo aurrez aurre, Pil-pileanen bulegoan.

Kukumixo Aisialdi Elkartea hasi da aurtengo udaleku irekiak prestatzen. Aste honetan bertan zabaldu dute matrikulazioa eta oinarrizko informazioa. 

Matrikulazioari dagokionez, maiatzaren 16tik 27ra bitartean eman ahalko da izena. Maiatzaren 27tik aurrera plaza libreak dauden bitartean bakarrik onartuko dira matrikula berriak.

Noiz, zenbat eta non

Udalekuak izango dira uztailaren 4tik 15era bitartean, astelehenetik eguenera 10:00etatik 13:00ak arte eta barikuetan 10:00etatik 17:00ak arte. Horrez aparte, gau bat etxetik kanpo pasatzeko aukera emango dute.

Prezioei dagokienez, iazko berberak dira: bi asteengatik 60 euro eta aste bakarrarengatik 30 euro. Familia bereko matrikula bat baino gehiagorengatik, berriz, bakoitzak ordaindu beharko du 45 euro bi asteengatik eta 22,5 euro aste bakarrarengatik, honako kontu zenbakian: ES45 3035 0004 90 0040015550. 

Ohikoa denez, familia ugariengatik zein errenta aitorpenaren arabera dirulaguntzak aplikatuko dira, eskaera udaletxean egin ondoren.

Matrikula egiteko bi bide daude: online, Plaentxia.eus atariko goiko sarbidean dagoen formularioa beteta edo aurrez aurre, Pil-pileanen bulegoan.