Xiba erakustaldi eta lehiaketa ikusgarria

Ubane Madera Zangitu 2022ko mai. 14a, 10:01

Azken asteotan, xibak, tronpak edo peontzak dira Soraluzeko kaleetako jaun eta jabe. Iratxo Goxo-dendaren eskutik, txapelketa izan da aste honetan eta ume ugarik buru-belarri jardun du horretarako prestatzen, xiba dantzan jartzen, harekin boomerang-a egiten edo bestelako trukuak lantzen. 2005eko Nazioarteko Xiba Txapeldun Jorge Morales izan da guztien gidari eta dagoeneko egin du hurrengo hitzordua; maiatzaren 25a. Sari berriak iragarri ditu.

Asteazken honetako txapelketari dagokionez, 20tik gora umek parte hartu zuen. Jorge Moralesen beraren erakustaldia ikusi zuten lehenengo eta ondoren, bi mailatan lehiatu ziren: boomerang-ean eta lurreko borrokaldian. Irabazleak izan ziren Zunbeltz, Aitz, Hamza eta Redouan.

Iron Silverra eta skateboarda

Hurrengo lehiaketari dagokionez, berriz, maiatzaren 25ean, 18:00etan egin du hurrengo norgehiagokarako hitzordua Jorge Morales Sabaezek. Hark iragarri duenez, boomerang-aren mailan lehiatzen direnen artean irabazten duenari Iron Silver izeneko xiba oparituko dio. Eta xibaren lurreko borrokaldiko irabazleari, berriz, skateboard-a.

Parte hartzeko ez da aldez aurretik izena eman behar, nahikoa da egunean eta orduan bertan egotea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.