Institutuko familien %62ak bozkatu du bi egunetan

Ubane Madera Zangitu 2022ko mai. 13a, 11:01

Guraso bat institutuan botoa ematen.

Gaur, barikua, 08:00ak geroztik zabalik da Soraluze BHI Institutuko bozketarako hautetsontzia, 14:30ak arte. Eguaztenean zabaldu zuten eta bi egunotan Institutuko familien %62ak eman du botoa, ikastetxeko Ordezkaritza Organo Goreneko gurasoek emandako datuen arabera. Emaitza horren balorazio positiboa egin dute baina ahalik eta familia gehienak bozkatu dezan nahiko lukete. Horregatik, astelehenean eta martitzenean ere izango da botoa emateko aukera.

Institutuan bozkatzen ari direna Hedatze proiektuarekin aurrera egin ala ez da. Hedatzeren bitartez,  ikasleendako errefortzuak bideratzen dira. 

Halaber, ikasleen errefortzuek ikastetxearen ordutegia baldintzatzen dute. Bestela esanda, Hedatze proiektua bertan behera geratuko balitz, Soraluzeko Institutuak berriro ere goiz eta arratsaldeko ordutegia berreskuratu beharko luke. 

Hedatze proiektuak aurrera egin dezan, gutxienez, DBHko familien %50ak parte hartu behar du bozketan eta parte hartzen duten gurasoen bi herenek baiezko botoa eman beharko dute. Familia bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du, nahiz eta ikasle bat baino gehiago izan institutuan.  

Parte hartze handia nahi

Atzora arte, 87 familiak emanda zuten botoa, %62ak. Berez, nahikoa dute horrekin, baina “gaiak garrantzi handia dauka gure seme-alabendako eta gurasoen parte-hartzeari ere garrantzia eman nahi zaio; horregatik ahaleginduko gara ahalik eta boto gehien lortzen”, esan dute OOGtik.

Gaur, 14:30ean itxiko da hautetsontzia. Baina erabaki dute beste bi egunez luzatuko dutela bozketa. Hori horrela, astelehenean eta martitzenean ere emango dute bozketarako aukera, 08:00etatik 16:30ak arte.