Mendi martxari dagokionez, topaketa da 12:00etan Karakaten. Besteak beste, bertaratzen direnen artean salda eta txorizoa partituko dituzte.
Soraluzetik Karakatera igotzeko bi hitzordu daude. Bata 09:30ean Plaza Berritik eta bestea 10:30ean San Andrestik.
Elgoibartarrei dagokienez, berriz, han ere bi hitzordu egin dituzte: 10:00etan Kalegoen plazan umeekin igotzeko eta 10:30ean Kalegoen plazan gainontzekoak igotzeko.
Hitzaldiak
Domekako mendi martxaz gain, Elgoibarren zein Soraluzen hitzaldi bana antolatu dituzte bertako Karakate Bizirik plataformek, gaia jendarteratu, informazioa zabaldu eta gogoeta egiteko helburuarekin.
Elgoibarren bihar, eguaztena, izango da, 19:00etan, Kultura Etxeko hitzaldi gelan. Soraluzen, berriz, bihar zortzi, maiatzaren 11n izango da, 19:00etan Antzokian.
Zein dira horrelako zentral eolikoek sortzen dituzten arazoak? Badago ordezko alternatibarik? galderari erantzungo diote. Goiener Kooperatibako eta Arabako Mendiak Aske eta Araba Bizirik taldeko kideak izango dira hizlari.
Autokontsumo partekatua eta Energia Komunitateak egungo ereduaren alternatiba izan daitezkeela azalduko dute Goienerreko adituek eta Arabako Mendiak Aske taldeko adituek, berriz, esplikatu dute Karakaten egin asmo duten instalazioaren antzekoek zein inpaktu izaten duten, bai eta proiektu horiek gauzatu nahi dituzten enpresen interesak zeintzuk diren ere.
Elgoibarren hizlari izango dira Goienerreko Oier Etxeberria eta Arabako Mendiak Askeko Iñigo Lezea.
Soraluzen, berriz, hizlari izango da Goienerreko Oier Etxeberria eta Araba Bizirik taldeko Valen Urteaga.