Barikuan bukatu zen Zaporeak elkarteak antolatutako elikagai bilketa. Debabarreneko sei herritan batu ziren elikagaiak, Lesboseko errefuxiatuei laguntzeko. Zapatuan egin zuten amaiera festa Eibarren eta datozen egunotan emango dute ekimenaren emaitza osoaren berri.
Zaporeak-ek erronka solidario modura proposatu zuen elikagai bilketa, iaz batutako kopurua gainditu nahian: 8 tona elikagai eta 9.000 euro. Dena den, emaitza jakin barik ere elkartea pozik da eskuratutako erantzunarekin. Hori horrela, eskerrak eman nahi dizkiete “herritarrei izandako erantzun onarengatik, boluntarioei emandako laguntzarengatik, Udalari erraztasunengatik eta komunikabideei zabaltzen laguntzeagatik”.