Geolodiako ibilbideak orain dela 110 milioi urte sortu ziren arroka bolkanikoak ezagutzeko aukera emango du. Ibilaldia Elgoibarko hilerriaren inguruan hasiko da (09:00etan euskaraz eta 10:00etan gazteleraz), ondoren, Eibarko Azitain industria-guneko leherketa bolkanikoak eragindako arrokak ikusiko dituzte, azkenik Soraluzeko bidegorriko arroka bolkanikoak behatzeko.
Ibilbidea euskaraz edo gazteleraz egiteko aukera izango da. Ibilbide honetako herri bakoitzera bakoitza bere kabuz joan beharko da, eta iraupena 3 ordukoa izango da gutxi gora behera. Parte hartzeko, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea Geolodia Gipuzkoa 2022 webgunean, euskaraz edo gaztelaniaz.
110 milioi urteko arrokak
Euskokantauriar arroko arroka bolkanikoak orain dela 110-80 milioi urte sortu ziren. Sasoi hartan, gure lurraldea ur azpian zegoen itsaso tropikal batean eta Ozeano Atlantikoaren zabaltzearen ondorioz, Iberiar eta Europar plakak bereizten hasi ziren, Bizkaiko golkoa irekiz. Irekitze honen ondorioz itsaspeko lurrazala mehetu zen, mantua gorantz mugituz eta mantuko arroken urtzea eraginez, magma basaltikoak sortuz. Magma hauek, inguruko arrokak baino dentsitate txikiagoa zutenez beren goranzko ibilbidea hasi zuten itsas-hondora iritsi arte.
Ekimenaren sustatzaileen berbetan: “Elgoibarren, igoera horretan lurrazaleko arroketan tartekaturik gelditu ziren magmak aztertuko ditugu; Eibarren, bidai horretan magmak materialak nola zeharkatzen zituzten ikusiko dugu, baita erupzio leherkor bolkaniko bortitzek eragindako arroka piroklastikoak; eta bidai honetako azken etapan, itsas hondoan laba basaltiko horiek nola azaleratzen ziren aztertuko ditugu”.