Atzo, eguena, Hirigintza Batzordean udal arkitektoak Eroski City-a zabaltzeko aurkeztutako proiektuaren berri eman zien udal ordezkariei. Jakinarazi zuenez, proiektuan jasotako xehetasunetako bat da, adibidez, Eroskik ez duela aurreikusten bertan harategirik, ez eta arrandegirik ere.
Bestalde, saltokiaren beste ezaugarrietako bat da barruan produktu guztiak apaletan eta izozkailuetan antolatuko dituztela, beraz, aurreikusitakoaren arabera, nagusiki ontziratutako produktuak salduko dituzte.
Kokalekua ziurtatuta
Oraingoz, Eroskik aurkeztutako proiektuak legeak ezarritako baldintza guztiak betetzen ditu; beraz, bestelako eragozpenik azaldu ezean, prozedura legalaren aldetik, behintzat, aurrera egingo du.
Kokalekuari dagokionez, berriz, hura ere jakinekoa da: Estazio kaleko 2. zenbakia. Gainera Eroskik dagoeneko eskuratu du saltokirako behar duen zatia.
Osterantzeko xehetasunak, denda zabaltzeko aurreikusitako data eta beste, oraindik ez dituzte jakinarazi.