George Brassens (1921-1981) abeslari eta musikagile frantsesaren hamar kantu interpretatuko dituzte domekan Jon Basaurik (gitarra eta ahotsa), Domentx Uzinek (biola) eta Nagore Sanzek (kontrabaxua). Sarrerak Iratxo gozo-dendan eskuratu daitezke, aurrez, eta antzokiko leihatilan egunean bertan, 5 euroan.
Ehun urte bete dira Brassens jaio zela eta mendeurrena aitzaki hartuta, Jon Basaurik bere zazpi abesti euskaratu eta moldatu ditu. Horiek eta beste hiru kanta interpretatuko dituzte domekan, Rendez-vous avec Brassensekin hitzordua izeneko emanaldian: Xabier Letek egindako bi moldaketa euskaraz eta El Testamento, gaztelaniaz, egileak berak grabatu zuen letra berarekin. “Bizitza, heriotza, bikote harremanak, maitasuna, gizabanakoaren askatasuna, chauvinismoa… dira gehien errepikatzen diren gaiak, Brassensen aparteko umorearekin zipriztinduta”.
Puntako artista
Basauriren esanetan, "musika eta literatura uztartzen punta-puntako artista izan zen. Esango nuke bere kantuak munduko hizkuntza guztietara itzuli direla, Biblia bezala. Fenomeno bat izan zen 50-60. hamarkadetan. Euskaraz ere egin dira itzulpen eta moldaketa bikainak, Xabier Leteren eta Anje Duhalderen eskutik behintzat bai. Nik nire amateur mailako lan kurioso bat egiteko gogoa neukan, zerbait ulergarria eta gustagarria. Uste dut hur emango diogula, batez ere, Domentxen eta Nagoreren laguntzari esker”.