Bi egunean 120 kilo inguru

Ubane Madera Zangitu 2022ko api. 27a, 17:56

Gaur, eguaztena, hirugarren egunez egongo dira Greziako errefuxiatuei laguntzeko makarroiak batzen Gaztetxean eta herriko saltokietan. Herriko boluntarioak ari dira batze-lanak egiten, Zaporeak elkartearekin koordinatuta. Lehen bi egunetan, 120 kilo inguru batu dituzte. Horrez aparte, eskolan ere ari dira bilketa egiten eta Soraluzeko Udalak ere egingo du bere ekarpena. Barikura arte izango da makarroiak emateko aukera. Erronka da 300 kilo batzea.

Egunotan, Debabarreneko sei herritan ari dira elikagaiak batzen, Grezian sukaldatu eta hango errefuxiatuei emateko. Zaporeak elkartearendako dira. Elkarteko boluntarioek, egunero, 1.200-1.800 arrazio banatzen dizkiete Grezian errefuxiatuta kale gorrian dauden migranteei, 05:00etan hasi eta 17:00ak bitartean lan eginez. 

Soraluzeko kasuan, hodi erako makarroiak batzen ari dira. Astelehenean eta martitzenean, 120 kilo inguru batu dituzte. Bilketa puntua Gaztetxea da. Barikura arte izango dira makarroiak batzen, 17:30etik 20:00ak bitartean. Dena den, herriko saltokietan ere egokitu dituzte makarroiak lagatzeko lekuak. Gaztetxeko bilketa puntuan txandak egiteko boluntarioak eskertuko lituzkete. Parte hartu nahi duenak: 666279794 edo ionvarela@hotmail.com.