Atzo abiatu zuen Lesboserako elikagaiak batzeko aurtengo erronka solidarioa Zaporeak ekimenak. Barikura bitartean, Debabarreneko sei herritan elikagai jakin batzuk batuko dituzte, Grezian sukaldatu eta hango errefuxiatuei emateko.
Gaztetxean zein dendetan
Soraluzeko kasuan, hodi erako makarroiak batzen ari dira. Bilketa puntua Gaztetxea da. Han, egunero izango dira makarroiak batzen, 17:30etik 20:00ak bitartean. Dena den, herriko saltokietan ere egokitu dituzte makarroiak lagatzeko lekuak. Gaztetxeko bilketa puntuan txandak egiteko boluntarioak eskertuko lituzkete. Parte hartu nahi duenak: 666279794 edo ionvarela@hotmail.com.
Soraluzez aparte, Mallabian ere hodi erako makarroiak batuko dituzte; Eibarren dilista pardina, Elgoibarren garbantzu pedrosillanoa eta Ermuan eta Deban grano biribileko arroza.
Iazko kopuruak gainditzea helburu
Zaporeak ekimeneko kide Efren Flores eta Mireia Alonso eibartarrek esplikatu zutenez, erronka solidarioa egiten duten hirugarren urtea da oraingo hau. Lehen urtean, 4 tona elikagai batu zituzten eta iaz, berriz, 8 tona elikagai eta 9.000 euro.
Bada, aurten, kopuru horiek gainditzea da helburua, elikagai bilketari dagokionez, zein diruari dagokionez. Azken batean, elikagaiak behar dituzte han kozinatzeko eta dirua, berriz, elikagaiak hara bidali ahal izateko, “edukiontzi bat bidaltzeak 8.000 euroko kostua du”, esplikatu zuen Alonsok.
Jakinarazi zutenez, Grezian, kanpalekuetan zein hiriburuan sakabanatuta, 16.000-17.000 errefuxiatu inguru daude. Horietako asko dira bakarrik dauden umeak, eta, oro har, pairatzen dituzten baldintzak jasanezinak dira ikuspuntu humanitariotik.
“Oraindik gerra asko daude. Jendeari eskatuko genioke hango errefuxiatuekin ere akordatzeko, nahiz eta haiek telebistetan ez erakutsi. Gaur gaurkoz, errefuxiatu gehienak afganiarrak dira, baina badaude libiarrak, palestinarrak eta iraniarrak ere”, esan zuten.
"Soraluze herri solidarioa"
Atzo, astelehena, makarroiak batzen hasteaz bat, ekimena bera aurkeztu zuten udaletxean. Bertan izan ziren Zaporeak mugimenduko Efren Flores eta Mireia Alonso eta Jone Alberdi (EH Bildu), Iker Aldazabal (EAJ) eta Iñaki Rubio (PSE-EE) Udal ordezkariak. Izan ere, Soraluzek lehen aldiz parte hartuko du erronka solidario honetan.
Udal ordezkariek zein Zaporeak mugimenduko kideek herritarrak animatu zituzten ekimenean parte hartzera. “Soraluze herri solidarioa da. Orain dela gutxi Ukrainaren aldeko bilketa egin zen, orain bilketa honetan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak”, esan zuen Iker Aldazabal alkateak.
Itxiera ekitaldia, Eibarren
Esandako moduan, barikura bitartean batuko dira elikagaiak Debabarrenean. Ondoren, zapatuan, erronka solidarioaren amaiera ekitaldia egingo dute, Eibarren, Tuper solidarioa izenarekin.
Errebal Plazan izango dira ekitaldi nagusiak eta Untzagan, berriz, errifak eta Zaporeak-eko arropak salduko dituzte.
Hona hemen egitaraua:
- Sukaldariek arroza Lumagorrirekin eta dilistak bakailaoarekin, kurkumarekin eta bestelakoekin prestatuko dute.
- 12:15 Kaleetan Kantuz abesbatzaren emanaldia izango da
- 13:00 Rafa Gorrotxategiren eskutik, txokolatearen historian zehar ibilaldia. 9 txokolate ezberdinen dastaketa izango da. (aforoa bete arte).
- 14:00 Maite Lorenzoren errezitaldia: “Alepo”.
- Trio Medianoche.
- 14:00etatik 15:00etara, tuper solidarioak banatuko dituzte (5 euro). Tuperraren erdiak lentejak bakailaoarekin izango du, beste erdiak arroza Lumagorrirekin eta, postrerako sagarra, Eroskik emandakoak.
- Goizean errifak saltzen egongo dira Untzagan eta baita ere Zaporeak-en arropak saltzen. Zozketa Errebalgo ekitaldiaren amaieran egingo dute, bertan.