“2022an inoiz baino arrazoi gehiago ditugu kalera irteteko”

Ubane Madera Zangitu 2022ko api. 25a, 16:44

Gaur, 35 bat herritarrek parte hartu dute pentsioen aldeko elkarretaratzean.

Gaur, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean salatu dute “bizitza kostuaren hazkunde zentzugabea” geroago eta gehiago eragiten ari zaiela pentsioei “modu negatiboan”. Hori horrela, dei egin dute parte hartzeko batetik, Maiatzaren 1eko “mobilizazio sindikaletan” eta bestetik, maiatzaren 12an Legebiltzarraren aurrean egingo den protestan. Horrez aparte, iragarri dute Euskal Herri mailako bizikleta martxa egingo dutela. 

Gaurko elkarretaratzean, berriro ere salatu dute pentsioetan erosteko ahalmenaren galera handitzen ari dela. Datutan, esan dute % 3ko galera izan zutela 2021ean, “eta 2022an are gehiago galtzeko bidean” direla. 

Gaineratu dutenez, egoerari aurre egiteko gobernuek hartutako neurriak ez dira nahikoa eta adibide bezala, esan dute “energiaren oligopolioek milioikada euroko irabaziak izaten” jarraitzen dutela, kontsumitzaileek ordaintzen dituzten “prezioak garestituz”.

Bestalde, gogora ekarri dute Kongresuan aurrera segitzen duela Enpleguko Pentsio-Planen Lege-Proiektuak, “gero eta aberatsago bihurtzen direnek bultzatutako errenta-ituna amu bat da beren etekin izugarriak ezkutatzeko eta soldata, pentsio eta zerbitzu publikoetan murrizketa berriak justifikatzeko”. 

Egoeraren aurrean mobilizatzen segitzeko asmoa berretsi dute. Batetik, Maiatzaren 1aren harira,  “langileei eta pentsiodunei bereziki” dei egin diete “Euskal Herriko hiri eta herrietan helburu horiekin antolatutako mobilizazio sindikaletan” parte hartzera, “2022an inoiz baino arrazoi gehiago” baitaude “kalera irteteko”. 

Bestetik, iragarri dute maiatzaren 12an elkarretaratzea egingo dutela Gasteizen, Legebiltzarrari eta EAEko Gobernuari eskatzeko euren aldarrikapenei “babes esplizitua eman diezaietela eta beharrezko erabakiak har ditzatela Gutxieneko Pentsioa 14 ordainsaritan 1080 euro garbi izatea errealitate bihurtzeko”. 

11:00etan abiatuko da manifestazioa Gasteiziko Udaletxeko plazatik. Bertara joateko autobusa antolatuko dute Debabarreneko pentsiodunek. Izena emateko Txaro Leteri esan edo bestela asteleheneko elkarretaratzean jakinarazi.

Azkenik, bizikleta martxa ere iragarri dute. Oraingo honetan, Euskal Herri mailakoa izango da. Ekainaren 13tik 25era bitartean egingo dute.